Zortzi puntuko iraulia jomuga

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 27a

Nazir Williams, UEMC Valladoliden aurkako partidan. (Mikel Amenabar 'Otola')

Biele ISBk zortzi puntugatik galdu zuen liga kanporaketen final zortzirenetako joanekoa, Huescan (Espainia). Partida guztian zehar atzetik izan zen Iñigo Nuñezek zuzendutako taldea. Datorren igandean etxean jokatuko dute itzulerakoa otsoek, eta han irauli beharko du gaur-gaurkoz aurka duen emaitza. Emakumeen Domusa Teknik ISBk, berriz, ez du lortu liga kanporaketetara sailkatzerik.

Biele ISBk okerreko pausoa eman du Bigarren FEB Mailako liga kanporaketaren final zortzirenetako joaneko partidan. Otsoek 81-73 galdu zuten herenegun, zapatua, Lobe Huesca La Magia taldearen aurka Huescan (Espainia), eta datorren igandean Azpeitiko kiroldegian jokatuko duten itzulerako partidarako etxeko lan mardula izango dute: Iñigo Nuñezenek zortzi puntuko desabantaila irauli beharko dute final laurdenetara urratsa egiteko.  

Jokalari txikienen eskutik hasi zen puntuak batzen ISB Huescan; oso aktibo kantxaratu ziren otsoak, hasiera-hasieratik beren erritmoa ezartzeko asmoz, baina etxekoek, beren martxara, neurria hartzen hasi ziren bai lehiari, bai aurkariari. ISBk markagailuan aurreneko minutuetan agintea izan bazuen ere, Huescakoen eskuetara erori zen agintaritzaren lekukoa gero. Lehen laurdenari erditik aurrera, nagusi izan zen Huescako taldea.

Etxekoek zuten aldea hiru eta bost puntu artean mugitu zen lehen laurdenean, eta egia esan, gutxi mugitu zen. Bi taldeak asmatu ezinik ibili ziren aurreneko minutuetan, alde batean zein bestean saiatu ziren egoera alda zedin aldaketak txertatzen, baina ez zuten eraginik izan. Biele ISBk zortzi hiruko jaurtiketa egin zituen lehen laurdenean, eta bakarra asmatu. Hala, 17-12 amaitu zen aurreneko dema. 

Ordea, egoera asko okertu zen bigarren laurdenean. Aldea bederatzi puntura eraman zuten Huescakoek (21-12) eta une horretan bertan eten zuen lehia ISBko Nuñez entrenatzaileak, hutsartea eskatuta. Bigarren laurdenaren hasierako minutuak zinez kaskarrak izan ziren Azkoiti-Azpeitikoentzat: erreboteen alorrean pattal, puntuak sartzeko traza eskasa... Ordea, Nazir Williams joko antolatzailearen eskutik lortu zuen taldeak suspertzea. Bost puntu saskiratu zituen estatubatuarrak eta sei puntura arrimatu zuen bere taldea. Egoera iraultzeko gai zirela erakutsi zuten otsoek, baina laurdenaren amaieran berriz ihes egin zuten Huescakoek (41-32).

Atsedenalditik bueltan, ISBri asko kostatu zitzaion motorra martxan jartzea. Etxeko taldeak une hori baliatu zuen berriro markagailuan ospa egiteko; hamahiru puntu goitik kokatu ziren une batez. Markagailuko alde horrek eraginda edo, etxekoak loaldian sartu ziren kolpera, eta alderantziz, Azkoiti-Azpeitiko taldea berpiztu egin zen. Laurdenaren azken minutuetan iritsi zen Biele ISBren unerik onena, eta 4-11 partzialari esker, sei puntura jarri zen Nuñezen taldea. Itxura hobetzen hasi zen otsoentzat, baina ez luzerako.

Azken laurdenaren hasiera ere ez zen ona izan ISBrentzat. Sei puntuko aldea zena, hamalaura eraman zuen Huescako taldeak (72-58) bost minutu eskasean. Nuñezenak hiruko lerroko jaurtiketekin itsutu ziren lehia guztian zehar, eta horrek eragina izan zuen bai jokoan, bai emaitzan. Ordea, saskiratze gutxi lortu zituzten otsoek 6,75 metroko lerrotik –partida guztian zehar 32 hiruko jaurtiketa egin zituen Biele ISBk, eta zortzi baino ez zituzten saskiratu–.

Garaipena lortzea ia-ia ezinezkoa zela jabetuta, markagailuko aldea ahalik eta txikiena izan zedin saiatu ziren otsoak, eta hein batean, lortu zuten. Saskiratze batzuk elkarren segidan lortuta, aldea bost, sei, zazpi edota zortzi punturen artean orekatu zuten Nuñezenek, eta abantaila horri eustea lortu zuten amaierara arte. Azken segundoetan izan zuten otsoek aldea txikiagoa izan zedin saskiratzea lortzeko aukera, baina ez zuten asmatu. Azkenean, 81-73 amaitu zen lehia.

Adria Moncanut izan zen Biele ISBko onena, Huescan. Joko antolatzaile kataluniarrak 17 puntu saskiratu zituen, besteak beste, eta guztira, 16 puntuko balorazioa eskuratu zuen. Liga kanporaketetan aurrera jarraitzeko, datorren igandeko hitzordua funtsezkoa da ISBren gizonen taldearentzat. 18:00etan hasita jokatuko dute final zortzirenetako itzulerakoa. Erronka zaila dute, baina ez ezinezkoa. Eta zaleen laguntzarekin dena errazagoa egingo zaie. 

Akabo denboraldia

Domusa Teknik ISBk, bestalde, Bartzelonan esan dio agur 2025-2026 denboraldiari. MCR Lima-Horta taldearen aurka neurtu zituen indarrak Luis Agirre Katxi entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak herenegun, eta 75-59 galdu zuen. Liga kanporaketetara sailkatzea zuen jokoan Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina lehia galdu eta borroka horretan bidelagun zituen aurkari zuzenek garaipena eskuratuta, denboraldia amaitutzat eman behar izan zuten.

Bartzelonako taldea lehia guztian zehar nagusi izan zen kantxan, eta gainera, nagusitasun hori emaitzan islatu zuen. Atsedenaldirako hamahiru puntu goitik zen MCR Lima-Horta (42-29), eta hirugarrengoan areagotu egin zuen aldea (64-45). Azken laurdenean nagusitu zen Katxiren taldea, baina orduan egindako saiakera motz gelditu zen ezer lortzeko. 

Bartzelonan galduta, Alter Enersun Al Qazeres Extremadura taldearen porrota behar zuen ISBk, baina Caceresko (Espainia) taldeak 70-75 irabazi zuen Melillan (Espainia), eta ondorioz, liga kanporaketetara sailkatzeko aukerarik gabe gelditu zen Azkoiti-Azpeitiko taldea. Geraldynn Leaupepe izan zen taldeko onena, hamar puntu saskiratu eta 18 puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren sasoian ere LF Challenge ligan jarraituko du Domusa Teknik ISBk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide