Etxetik kanpo puntu eskasa gizonek, eta garaipen ona emakumeek

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 27a

Lagun Onakeko Aranbarri AƱorgako jokalari batekin borrokan, atzo. (Lagun Onak FT)

0-2 irabazten joan ondoren, 2-2 berdindu zuen Lagun Onakek Hirugarren Mailan, Añorgaren zelaian. Ohorezko Erregional Mailan, berriz, 1-3 nagusitu ziren Azpeitikoak Oiartzun B aurkari zuzenaren etxean.

Etxetik kanpo jokatu dute joan den asteburuan Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek, eta jokoan jarritako sei puntuetatik lau batu ere bai, baina sentipen kontrajarriekin itzuli ziren etxera.

Izan ere, atzo eguerdian Añorgan (Gipuzkoa) batutako puntuak garratzetik gehiago izan du Lagun Onakentzat, gozotik baino. Espainiako Hirugarren Mailako ligaren fase erregularreko azken hirugarren jardunaldian, 0-2 irabazten joan ondoren 2-2 berdindu zuen azkenean Jose Luis Riberaren taldeak. Lehen zatian nagusi izan zen Azpeitiko taldea eta lehen ordu erdi pasatxorako egin zituen bere bi golak: Leitzak bat, 25. minutuan, eta Letamendiak bestea, 31.ean. Gehiago egiteko aukerak ere sortu zituen Lagun Onakek, lehen zatian zein bigarrengoan, baina ate aurrean kamuts aritu ziren bisitariak, eta etxeko taldeak ez zituen bere aukerak barkatu. Bigarren zatian egin zituen bere bi golak Añorgak, 53. minutuan lehendabizikoa, eta 78.ean bigarrena.

Oso gertu izan zituen urrezko hiru puntuetatik bik eskuetatik ihes egin zioten, beraz, Lagun Onaki atzo, jaitsiera postuak saihesteko borrokan murgilduta dabilen talde baten zelaian. 53 punturekin, Riberaren taldeak laugarren postuari eusten dio eta, horrenbestez, igoerako kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten postuetan jarraitzen du, baina ez du tokia ziurtatuta, ezta gutxiago ere. Sei puntu geratzen dira jokatzeko, igoerako play-off-erako txartela ematen duten lau postuetatik hiru daude erabakitzeke, eta zazpi taldek dute oraindik horien jabe izateko aukera. Datorren igandean (18:00), jaitsiera saihesteko borroan ari den Eibar C hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.

Garaipen ederra

Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan garaipen ederra lortu zuen Lagun Onakek zapatuan Oiartzunen zelaian. Hiru puntu horiei esker, gainera, Oiartzungo taldearekin puntutan berdintzea lortu du Zubizarretaren eta Segurolaren taldeak, 43 punturekin, eta sailkapenean aurretik jartzea ere bai; zazpigarrena da orain Azpeitiko taldea.

Zapatuan, lehen zatian erakutsitako nagusitasunari etekin bikaina atera zion Lagun Onakek. . Bederatzigarre minutuan egin zuen lehen gola: Lorea Ruedak kornerra atera, eta buruz sareratu zuen baloia Joane Kortak. Bost minutura, bigarren golean ere Korta eta Rueda izan ziren protagonista, Kortari area ertzean egindako falta bat baliatu baitzuen Ruedak gola egiteko. Eta 20. minutuan, Lagun Onaken eraso jarioari jarraipena eman zion June Casinak, area ertzetik jaurti eta 0-3koa eginez. Emaitza horrekin amaitu zen lehen zatia. Bigarrenaren hasieran, lehen 45 minutuetan erakutsitako mailari ez zion eutsi Lagun Onakek, eta hori probestu zuten etxekoek beren gola egiteko. Azpeitikoak esnarazteko ere balio izan zuen, ordea, Oiartzunen golak; aukeraren bat izan arren markagailua gizendu gabe, baina partidari ondo eutsi zion Lagun Onakek.

Datorren asteburuan Garmendipen jokatuko dute Lagun Onaken emakumeek, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Elgoibarren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide