Oihana Etxaniz, Bartzelonan jatetxea duen azpeitiarra

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 12a

Oihana Etxaniz. (Utzitakoa)

Lan eta aire berri bila, duela hamazazpi urte joan zen Azpeititik Kataluniara Oihana Etxaniz, eta han bizi da harrezkero. Ostalaritzan eta besterentzat lan egin ondoren, 2014an bere negozioa irekitzeko pausoa eman zuen, Renata Ribeiro sukaldaria bazkide zuela. Euskal Herriko sagardotegiak eta Brasilgo platerak ezkondu dituzte Sant Antoni auzoan duten jatetxean. Apirileko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Bartzelonan bada Azpeitiko baserri baten izena duen jatetxe bat, eta ez da kasualitatea. Anardi baserrikoa zen Oihana Etxanizen (Azpeitia, 1980) aitona, eta gaur egun izen bereko industrialdea dagoen lurretan altxatzen zen baserri haren izena jarri zioten Etxanizek eta Renata Ribeirok duela hamabi urte Kataluniako hiriburuan ireki zuten jatetxeari. Lagun Onaken futbolean aritu zen urteetan ez zitzaion, ez, burutik halakorik pasatzen, baina etxetik zientoka kilometrora eta ostalaritzan lanean eraiki du bizi proiektua azpeitiarrak, eta ez du emandako pausoen damurik.

Turismo ikasketak egin zituen Etxanizek Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, eta ikasitakoaren arlokoak izan ziren azpeitiarraren lehen lanpostuak. Loiolako turismo bulegoan eta Burdinbidearen Euskal Museoan ibili zen lanean, baina boladaka eta egonkortzeko itxura handirik gabe: "Orain uste dut gehiago mugitu dela kontua, baina garai hartan, Euskal Herrian, turismoa... Nahiko zaila zen lan egonkor bat topatzea". Horrela, lan aukera hobeen esperantzan eta Azpeititik kanpo "giroz aldatzea" ere behar zuelako, 29 urterekin, Bartzelonara joatea erabaki zuen Etxanizek.

2009an, iritsi eta hilabetera, Bartzelonako "zentro-zentroan" zegoen euskal taberna kate batean hasi zen lanean. Hiru urte eta erdi inguru egin zituen han, zerbitzari lanetan, "krisia" iritsi zen arte –ez du gogoan zehazki zer krisi, "uste dut jada urtero gaudela krisian", dio–. Ostalaritzan aurkitzen zituen lan baldintzak "gero eta okerragoak" ziren, "gaizki ordaindutakoak", gainera. Ribeiro ezagutzen zuen ordurako; sukaldaria da hura, eta Etxaniz bezala, urte haietako Bartzelonako ostalaritzaren baldintzekin nekatzen hasia zen. Horrela, norabidez aldatzea erabaki zuten biek.

Bi hiri batean

Besteren negozioetan zerbitzatzetik eta kozinatzetik, beren jatetxea martxan jartzera igaro ziren azpeitiarra eta brasildarra. Sant Antonin, hiriaren "erdi-erdian ez, baina erdigunetik gertu" dagoen auzoan alokatu zuten lokala, Parlament kalearen 48.ean, eta horrela hasi zen, 2014ko udan, Anardi jatetxearen ibilbidea.

Bartzelona hirian "bi Bartzelona" daudela dio Etxanizek: "telebistan-eta ikusten den Bartzelona", bat, turistei zuzendutako eta turistaz betetako hori; eta "auzoetako Bartzelona", bestea, "bertako jendearena". Ostalaritza eskaintzan ere nabarmena da Bartzelona batetik besterako aldea, azpeitiarraren esanetan. "Ostalari partikular batek ez dauka leku turistikoetan lokal bat hartzerik", dio; turismoak bereganatutako eremuetan, munduko hiri nagusi gehienetan errepikatzen diren jatetxe eta taberna kateak nagusi dira Bartzelonan ere. Horrek ez du esan nahi Bartzelonako auzoetan edo toki turistikoen periferian lokalak merke edo modu onean alokatzen dituztenik, baina, dena den, aldea "handia" da Bartzelonan batetik bestera. Etxanizek eta Ribeirok orain Anardi dagoen lokala alokatu zutenean, Sant Antoni auzoa "modan jartzen" ari zela azaldu du azpeitiarrak, baina artean "prezio arrazoizkoak edo" zituzten lokalek. Hala ere, laguntza behar izan zuten lokala hartzeko eta negozioari ekiteko. "Eskatu hemendik eta eskatu handik, eta familiaren laguntzarekin", lortu zuten martxan jartzea.

Euskal Herria eta Brasil, eskutik

"Lokal handia" da Anardi jatetxearena eta Etxanizek uste du horregatik zegoela, hain zuzen, hutsik. Bi solairutan, hiru jantoki eta ehun lagunentzako edukiera ditu lokalak, baina jantoki bakarrarekin eta hamabost aulkirekin hasi ziren lanean Etxaniz eta Ribeiro duela ia hamabi urte, azpeitiarra barra atzean eta brasildarra sukaldean, beste langilerik gabe. Ostalaritzan lanean daramatzan urte guztiotan barran edo jatetxeko mahaietan zerbitzatzen bai, baina sukaldari lanik ez du egin izan Etxanizek. "Tira, orain, geure tabernan, tokatzen zait tarteka zerbait egitea. Eta tokatutakoan, egin egin behar, baina nahiago ez eginda", esan du.

Hasi zirenean, gauzak ondobidean lokaleko beste jantokiak "pixkanaka" irekitzea zuten buruan Etxanizek eta Ribeirok, eta hala egin zuten. Hasieran, pintxo eskaintza izan zuten bereizgarri, baina urtebetera, goiko jantokia ireki eta "kartarekin lanean" hasi ziren. Euskal Herriko sagardotegietako eskaintza zuten oinarrian –"txuleta, bakailao tortilla..."–, baina baita Brasilgo sukaldaritzako platerak ere. Izan ere, bi jabeen herrietako sukaldaritzen fusioa da Anardi beste jatetxeetatik bereizten duen ezaugarri nagusia. Bezeroek hasieratik egin zioten harrera ona bi gastronomia tradizioen uztartzeari. Gainera, Etxanizek adierazi du "jatetxeek hobeto funtzionatzen" dutela Bartzelonan, pintxoak edo mokadu txikiak eskaintzen dituzten tabernek baino. "Pintxoak ere mantendu ditugu, baina jendeak gehiago ikusten gaitu orain jatetxe gisa. Euskal sukaldaritzaren bila datozenak, Brasilgoa nahi dutenak zein zerbait desberdina probatzea nahi dutenak, denetariko bezeroak etortzen zaizkigu", azaldu du Anardiko bazkide euskaldunak.

Bezero horiek auzokoak edota Bartzelonako beste auzo batzuetatik joaten zaizkienak izan ohi dira; horrela, ohiko edo gertuko bezeroak ez ezik, berriak ere bertako bizilagunak izaten dituzte nagusiki. Horrelako hiri handi batek eskaintzen duen aukera ugariaren eta askotarikoaren artean lekua egitea erronka da baina, era berean, Etxanizek dio Bartzelonan jendeak baduela taberna edota jatetxe berriei aukera emateko joera. "Jendea etortzen da probatzera. Hala ere, lehenengo hilabeteak gogorrak izan ziren, hau Bartzelona da. Azpeitiko plazan taberna edo jatetxe bat irekitzen baduzu, aurreneko aste bukaeran seguruenez jende mordoa joango zaizu. Baina hemen, negozio berria ikusten dutenetik probatzera joatera denbora gehiago pasatzen da, normalean".

Anardi jatetxeko lantaldea. Behean, erdian, eserita, Oihana Etxaniz. (Utzitakoa)

Pandemia, eta berriro hasi behar

Pixkanaka, bezeroak egiten, mantentzen eta gehitzen joan ziren Anardin, baita lantaldea handitzen ere. Turistak ere iristen zaizkie tartean, baina ez auzokoak eta ingurukoak adina. "Martxo hasieran, adibidez, World Mobile Congress famatua egin dute hirian, baina guk ez dugu antzeman", dio Etxanizek, atzerriko bisitarien zirkuitu jendetsuetatik kanpo daudela adierazteko.

Antzeman zutena, izugarri, COVID-19aren pandemiaren eragina izan zen. Ateak ireki eta bost urtera, ia urtebetez, 11 hilabetez, itxita izan zuten jatetxea, martxa ederrean zihoan negozioarentzat "atzerapauso" handia, Etxanizek azaldu duenez: "Langileak beste lantoki batzuetan hasi ziren lanean... Ateak berriz ireki genituenean, zerotik hastea bezala izan zen guretzat. Izan ere, jendeak pentsa dezake berriro irekita berehala berreskuratu genuela martxa, baina ez zen horrela izan, pandemiaren eraginak luze iraun zuelako".

Etxanizen eta Ribeiroren zorionerako, baina, "pandemiaren aurreko martxa" berreskuratu dute "pixkanaka" Anardin, "lanerako jende gehiago hartuta eta jantoki denak irekita".

Emakumeek egindako sukaldaritza

Bi emakume jatetxe baten jabe eta arduradun. Anardiren kasua ostalaritzaren arloan gaur egun oraindik ere "ezohikoa" dela esan du Etxanizek. Azken urtean, gainera, jabeak bezala, jatetxeko behargin guztiak ere emakumeak izan dira. "Gizonezkoek bakarrik lan egiten duten taberna eta jatetxe mordoa bai, baina nik ez ditut ezagutzen emakumez bakarrik osatutako lantaldeak dituzten ostalaritza negozio asko", nabarmendu du azpeitiarrak.

Genero rolekin lotutako pasadizo bat baino gehiago dute kontatzeko Etxanizek eta Ribeirok: "Hornitzaile batekin tabernan nengoela, beste saltzaile bat sartu eta hornitzaileari zuzendu zitzaion, jabea hura zelakoan; nirekin zegoen hornitzailea gizona zen, noski. Bestalde, behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu "hau nagusiari emango?" edo "nagusiarekin hitz egin nahi dut, esango al diozu etortzeko?" bezalako galderak egitea, jende askori burutik pasatu ere ez zaiolako egiten negozio horren jabeak edo arduradunak emakumeak izan daitezkeenik".

Horrelako bizipenak gogoan, eta munduko sukalde gehienak emakumeen kontua izan arren goi mailako sukaldaritzan eta ostalaritzan oraindik ere falta duten ikusgarritasuna aldarrikatuz, "emakumeek egindako sukaldaritza" irakur daiteke gaur egun Anardi jatetxearen sarreran. Lokalaren irudia berritu zutenean erabaki zuten esaldi hori jartzea, Etxanizek kontatu duenez: "Bartzelonan-eta oso ohikoa da jatetxeen kanpoko errotuluetan cocina de autor [egile sukaldaritza] jartzea. Gurea ez da egile sukaldaritza, baina bai emakumeek egindakoa, eta hori nabarmentzea pentsatu genuen". Jendeak "ondo" hartu du Anardikoen ekimen hori; "batik bat emakume edadetuei gustatu zaie", adierazi du Etxanizek.

Bartzelonan egin du bete tokia azpeitiarrak, eta ez dauka handik mugitzeko asmorik, ezta "oso tarteka" bisitatzen duen jaioterrira itzultzekorik ere. Anardira joaten diren azpeitiarrak gustura hartuko ditu, hori bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide