Erretratua

Nahia Olaizola: "Ez nukeen sekula pentsatuko lehiatzen naizen mailara iritsiko nintzenik"

Anitz Urkizu 2026ko maiatzaren 29a

Nahia Olaizolaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Txikitan izotz gainean dantzan ikusten zituen haiek liluratzen zuten Nahia Olaizola. Haiek bezala aritzeko ametsa bete du, baina bidea gogorra da, "diziplina" eskatzen duena. Labana findun boten gainean irristaka eta sariak lortzen jarraitzen du, gogoko tokian aldapak leunagoak izaten direlako. Berea da Erretratua apirileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Izotz gainean dantzan, labana fin baten gainean oreka aurkituz eta harri bitxiz beteriko jantzi koloretsuen artean mugituz. Modu horretan irudika daiteke askotan Nahia Olaizola (Azpeitia, 2006), patinaje artistikoan bidea egiten ari den gaztea. Donostiako Txuri Berri klubeko patinatzailea da, eta urte gutxian, Espainiako Estatuko mailan lehiatzera iritsi da. 2023an junior mailako Espainiako Txapelketan garaipena lortu zuen, bere ibilbidean mugarri izan den emaitza. Garaipenak baino, patinajeak ematen dion gozatzeko aukera da benetan maite duena.

Olaizolak ez du zehaztasun handiz gogoratzen noiz eta nola hasi zen patinatzen. Oroitzapenak lausotu egiten zaizkio batzuetan haurtzaroko urteekin batera, baina etxean kontatzen dizkioten pasadizoak lagungarri zaizkio bere ibilbidearen lehen pausoak gogora ekartzeko. Txikia zela, Donostiara joaten zirenean, izotz pistako patinatzaileei begira geratzen omen zen, liluratuta, eta berak ere halakoa izan nahi zuela esaten omen zuen. Gurasoek pentsatu zuten, agian, kapritxo hutsa izango zela, egun gutxiko ilusioa, eta horrelaxe hasi zen lehen aldiz irristaka, 7-8 urte besterik ez zituela.

Ustezko "kapritxoa", ordea, ez zitzaion berehalakoan itzali; alderantziz, urteekin sendotzen eta loratzen joan ziren Olaizolaren grina eta gogoa. Gaztetxoa izanagatik, makina bat joan-etorri egiten zituen Azpeitia eta Donostia artean. Ikastolatik atera eta lagunak parkean jolasean geratzen ziren bitartean, bera gurasoen autoan sartzen zen izotz pistara bidea hasteko. "Hasieran, astean hiru edo lau aldiz entrenatzen nuen, pixkanaka, oharkabean ia, patinajea egunerokoaren parte bihurtu zitzaidan arte".

Nahia Olaizola. (Anitz Urkizu)

Oztopoak gaindituz

Badu gogoan garai hartan bizi izan zuen beste zailtasun bat: "Ez nekien gaztelaniaz hitz egiten". Entrenatzaile gehienak espainiarrak edo ingelesak zituen azpeitiar gazteak, eta azalpenak ulertzea ez zen beti lan erraza izaten neskato txikiarentzat. Horregatik, ama ondoan izaten zuen sarri, entrenatzaileek esandakoa euskarara itzulita alabari esateko. Hala joan zen, izotza bezain irristakorra izan zitekeen hasiera hartan oreka aurkitzen, pixkanaka.

Urteek aurrera egin ahala, entrenamenduen erritmoa ere aldatu egin zitzaiola aitortu du. Gaur egun, ia egunero entrenatzen du, eta askotan asteko zazpi egunetan, hutsik egin gabe. Zazpi egunetatik seitan izotz gainean jarduten du, eta horri gimnasio saioak ere gehitzen dizkio. Ostiraletan, esaterako, izotza alde batera utzi eta indarra lantzen du, giharrak indartzea ezinbestekoa baita jauziei eta inpaktuei aurre egiteko. 

Batzuetan, egun berean bi entrenamendu ere egiten ditu patinatzaile azpeitiarrak, eta horrek, noski, eguneroko bizitza baldintzatzen dio: "Lagunekin planak egitea ez da beti erraza; adibidez, igandeetan entrenatu behar izaten dut askotan, eta horrek larunbat gaueko planak motz uzten dizkit". Baina patinaje artistikoak hala eskatzen duela dio: "Diziplina, orduak sartzea eta konstantea izatea". Donostiako Txuri Urdin izotz pista da bere bigarren etxea; han bi klub aritzen dira, Txuri Berri eta Anoeta. Biak probatu baditu ere, ia beti Txuri Berrin aritu da, eta gaur egun ere, klub horretan jarraitzen du.

Patinaje artistikoak hainbat modalitate eskaintzen ditu: banakakoa eta binakakoa. Olaizola, ordea, betidanik bakarka lehiatu da. Hala ere, noizbait binakako modalitatea probatzeko gogoa ere izan duela aitortu du: "Modalitate horretan, ordea, altuerak badu bere garrantzia, eta askotan mutilak neskak baino altuagoak izatea komeni izaten da, airean altxatzeko. Nire kasuan, altuera bera muga izan daiteke binakako modalitatean aritzeko".

Bere ibilbidean hainbat sari pilatu baditu ere, bada bat bereziki gogoan duena: 2023ko Espainiako Txapelketakoa. "Garaipen hura ez nuen batere espero, eta horrexegatik are bereziagoa izan zen". Lehia hartan aritu ziren patinatzaile asko maila oso handikoak zirela azaldu du, eta horregatik ezustea, baina emaitza hark bere buruarengan konfiantza pizteko balio izan zion.

Gustuko lekuan aldaparik ez dela izaten esan ohi da; izotzetan aldaparik ez, baina ez du beti bide leuna izan, batzuetan pitzadurak ere agertzen baitira. Olaizolak berak onartu du momentu zailak ere izan dituela hainbatetan; iaz, esaterako: "Momentu oso txarra bizi izan nuen, eta patinajea uztekotan egon nintzen". Azkenean, ordea, gurasoen, entrenatzaileen eta inguruko patinatzaileen bultzadak aurrera jarraitzera animatu zuen, eta gustura dago hartutako erabakiarekin.

Bere buruarekin zorrotza dela ere aitortu du, agian, "zorrotzegia batzuetan", beti dena ondo egin nahi izateak presio handia sortzen baitio. "Entrenamenduetan ongi ateratzen dena lehiaketetan gaizki egiteak frustrazio handia eragiten du, hainbeste ordu eta esfortzu eskaini ostean". Hala ere, horrelako egoeretan, txapelketetan egindako lagunek asko laguntzen diotela esan du. Patinajearen munduan "inbidia" ere badagoela onartu du, baina harreman onak egiten direnean, benetako babesa aurki daitekeela uste du.

Patinatzaile ona izateko zer behar den galdetuta, erantzuna argi dauka: lehenik eta behin, disfrutatzea. "Gogoz kontra egiten diren gauzak nekez ateratzen dira ondo", esan du. Horrez gain, diziplina ezinbestekoa dela uste du: "Motibazioa ez da beti bera izaten. Horregatik, diziplina da benetako oinarria". Elikadura zaintzea ere garrantzitsua dela aipatu du Olaizolak, nahiz eta horrek bere arriskuak ere izan ditzakeen, batez ere nesken artean.

Txapelketetan badu ohitura txiki bat ere: pistara atera aurretik kafe bat hartzea. Ez daki benetan zerbaitetarako balio izaten al dion ohitura horrek, baina urteekin, berarentzat erritual moduko bat bihurtu dela adierazi du. Etorkizunari begira, ez du epe luzeko kalkulu handirik egin, eta patinatzen luzaroan jarraituko duen ala ez momentuak esango duela adierazi du. Dena den, "gustura" dagoen bitartean, patinatzen jarraitzeko asmoa du. Eta noizbait kirol hori utziko balu ere, agian, patinajera entrenatzaile moduan itzulita irudikatzen du bere burua Olaizolak.

Helburu nagusia, momentuz, argi eta garbi dauka: patinatzaile gisa hobetzen jarraitzea. "Txikitan ez nukeen sekula pentsatuko gaur egun lehiatzen naizen mailara iritsiko nintzenik". Eta horregatik, agian, izotzetara ateratzen den bakoitzean, opari txiki bat egiten dio 7 urtetxo besterik ez zituen Nahia ameslariari.

Motzean

  • Adina. 19 urte.
  • Ikasketak. Moda Diseinu gradua.
  • Patinatzailea ez banintz... gimnastika artistikoa egingo nuke.
  • Patinatzetik ateratzean gogoko dut... jatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide