Zehaztuta daude Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finalerdiak. Izan ere, joan zen asteburuan jokatu zituzten final laurdenetako azken bi saioak, Hernanin eta Soraluzen, eta talde bana sailkatu da hurrengo fasera: Txingudi A eta Leintz. Maiatzeko bigarren eta hirugarren asteburuan izango dira finalerdiak, Oñatin eta Tolosan, hurrenez hurren, eta dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak.
Aurrena maiatzaren 9an, larunbatez, egingo dute Oñatiko Gaztelekuan, 19:00etan, eta saio horretan Azpeitiko Zaharrak Berri taldea eta Leintz-Gatzagako Leintz izango dira aurrez aurre. Hain zuzen ere, Azpeitiko taldea ordezkatuko dute Leire Ostolazak, Beñat Lizasok eta Jokin Urangak –Haritz Etxeberria Ministro-k ez du kantatuko–, eta Leintz-Gatzagakoa, berriz, talde horretako hiruk; izan ere, bost bertsolarik osatu dute talde hori –Oihana Aranak, Haizea Aranak, Larraitz Trojaolak, Ane Zuazubiskarrek eta Olatz Zuazubiskarrek–.
Bigarren finalerdia, berriz, Tolosan izango da maiatzaren 16an, zapatua, eta Zumarraga-Urretxu 1 eta Txingudi A taldeak ariko dira kantuan, 18:00etatik aurrera, Bonberenea gaztetxean.
Bi saio horien irabazleek maiatzaren 30ean, larunbata, Aiako Probalekuan jokatuko den finalerako txartel bana eskuratuko dute.