Haurrentzako eta helduentzako film bana emango dituzte igande arratsaldean Soreasu antzokian. Los guardianes del diente mágico haurrentzako animazio lana 16:30ean eskainiko dute, eta La buena hija filma, berriz, 19:30ean, eta baita astelehenean ere, 21:00etan. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan eskainiko dute Los guardianes del diente mágico animaziozko filma (AEB, 2025), 16:30ean hasita. Honela dio filmaren sinopsiak: "Van, espiritu errebeldea duen hortzetako maitagarri gazte bat da, eta bere bizimodu isolatuaren mugetatik haratago zer dagoen aurkitzea du amets. Bere bizimodua betirako aldatzen da Rupee munduko trolik maitagarriena eta Gemma zientziarekiko grina duen goblin azkarra ezagutzen dituenean. Hirurek elkarrekin misio bat hasten dute beren erresuma magikoak urte askoren ostean berriro elkartzeko, nahiz eta Armiarma erregina beldurgarria eta bere jarraitzaileak misioa geldiarazten saiatuko diren".
Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00), berriz, La buena hija (Espainia, 2025 ) ikusteko aukera izango da Soreasun. Honela dio sinopsiak: "Gurasoak banandu ondoren, Carmela eta bere ama amonaren etxera joaten dira. Bere egoera berrira egokitzen saiatzen ari den bitartean, Carmelak aitaren etxean denbora gehiago igaro nahi du. Aitaren itzalak, baina, familiako hiru belaunaldietako emakumeak merezi duten etorkizunaren inguruan hausnartzera eramango ditu".