Igandean egingo dute Azpeitian V. Kale Pintura Lehiaketa

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 29a

Mikel Sanjuan, Leire Sarasua eta Miriam Quintana, aurtengo kartelarekin. (Azpeitiko Udala)

Udalak eta Arte eta Diseinu Ikastegiak elkarlanean antolatu dute aurten ere. Helduen mailan 1.600 euro banatuko dituzte saritan, eta gaztetxoentzako sariak ere izango dira.

Datorren igandean, maiatzaren 3an, egingo dute Azpeitiko V. Kale Pintura Lehiaketa. Azpeitiko Udalak eta Arte eta Diseinu Ikastegiak bosgarren aldiz antolatu dute "urtez urte sendotzen eta ezagunago bihurtzen" ari den egitasmoa.

Iaz 24 lagunek parte hartu zuten helduen kategorian, eta seik gaztetxoen eta haurren kategorietan. Aurten ere maila horientzako prestatu dute hitzordua: 16 urtetik gorakoak lehiatuko dira batetik, eta adin horretatik beherakoak, bestetik. "Aitzakia ederra da lehiaketa Azpeitira etorri eta herria beste modu batera ezagutzeko", diote antolatzaileek. Alabaina, "dei berezia" egin nahi diete azpeitiarrei, herriko lehiaketan parte hartzeko aukera gal ez dezaten.

Sariak eta erakusketa

Nahi duen orok izango du aurten ere Kale Pintura Lehiaketan parte hartzeko aukera. Margolanak kalean bertan egin beharko dituzte, udalerriko mugen barruan, nahi duten teknika eta materiala erabilita. Lanak, hori bai, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Euskarriak lehiaketa egunean bertan zigilatuko dituzte, 09:00etatik 11:00etara, Betharram erakusketa aretoan; eta toki berean aurkeztu beharko dituzte bukatutako lanak, egileen datu pertsonalekin batera, 13:00etatik 13:30era bitartean.

Betharramen bertan, 14:30 aldera egingo duten sari banaketa ekitaldian jakinaraziko dituzte sarituen izenak. Helduen mailan lehen saria 800 eurokoa izango da, bigarrena 500 eurokoa, eta herritar onenarena 300 eurokoa. 16 urtetik beherakoen artean, berriz, margotzeko materialez osatutako bi sari banatuko dituzte, 12 eta 16 urte artekoentzat bat, eta 12 urtetik beherakoentzat bestea. Lehen bi sariak lortzen dituzten lanak udalaren esku geratuko dira, eta aurkeztutako lanekin erakusketa irekiko dute Betharramen, maiatzaren 4tik 17ra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide