Lurrun trenean lau bidaia egin ahal izango dira bihartik igandera bitartean

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 30a

Lurrun trena Lasaora bidean.

Bihar, jaieguna izanik, 12:00etan egin ahal izango da Azpeitia eta Lasao arteko bidaia; larunbatean 12:00etan eta 17:30ean; eta igandean, 12:00etan.

Euskotrenek kudeatzen duen Burdinbidearen Euskal Museoak lurrun trenean lau bidaia egiteko aukera eskainiko du bihartik igandera bitartean. Bihar, jaieguna izanik, 12:00etan egin ahal izango da Azpeitia eta Lasao arteko bidaia; larunbatean 12:00etan eta 17:30ean; eta igandean, 12:00etan.

Halaber, Burdinbidearen Euskal Museoa zabalik izango da hiru egunetan: bihar eta igandean 10:30etik 14:00etara; eta larunbatean 10:30etik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:30era. Han Europako trenbide bildumarik onenetako bat dago ikusgai, mota guztietako ibilgailuz osatutakoa: lurrun trenen makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta hainbat motatako bagoiak.

Era berean, Euskadiko makina erreminta multzo osatuenetako bat ezagutu daiteke museoan, Urolako trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez. XIX. mendearen amaieratik trenbidean langileek erabilitako uniformeen laginak ere badituzte han, baita munduko tren erlojuen bildumarik onenetakoak ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide