Goi mailako pilota jaialdia izango dute aurten ere Urrestillan sanjoanen bueltan

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 29a

Jokin Altuna. (Aspe)

Ekainaren 19an, Altuna III.ak eta Gabirondok Zabalaren eta Martijaren kontra jokatuko dute estelarrean; eta San Fermin torneoaren lehen jardunaldian, Alberdi II.ak eta Dariok neurtuko dituzte indarrak lau eta erdian. Sarrerak salgai daude.

27. aldiz, goi mailako esku pilota jaialdiaz gozatzeko aukera izango da sanjoanen bueltan Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Ekainaren 19an izango da aurtengoa eta, azken urteetan bezala, binakako partida nagusiarekin batera, lau eta erdiko San Fermin torneoaren partida bat ere jokatuko dute Txikuri pilotalekuan.

Binakako estelarra izango da, baina, jaialdia irekiko duena, eta aurten ere Jokin Altuna lanean ikusteko aukera izango dute Urrestillan. Arkaitz Gabirondo atzeko koadroetan lagun duela ariko da aurten Txikurin Altuna III.a, eta Javi Zabala eta Julen Martija izango dituzte aurrean.

Bigarren partidan, berriz, Unai Alberdi azpeitiarrak Dario Gomez izango du aurrez aurre lau eta erdian, San Fermin torneoaren lehen jardunaldiko lehian.

20:45ean hasiko da ekainaren 19ko jaialdia Txikuri pilotalekuan eta ETB1en emango dute. Jaialdia pilotalekuan bertan jarraitzea nahi dutenek, berriz, 608 05 42 80 telefonora dei dezakete jada, sarrerak eskuratzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide