Nola egin da gakoa

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 29a

Hainbat lagun atzo Basazabalen, energiari buruz solasean aritu ziren kideen azalpenak entzuten. (Julene Frantzesena)

Zer energia eredu nahi du Azpeitiak? izenburupean hitzaldia eskaini zuten atzo Markel Peñalba Ikerbasqueko kideak, Alazne Arruti Goienerreko kideak eta Gorka Laurna Stop Fosilak taldeko kideak. Hirurak ados agertu ziren erregai fosiletatik energia berriztagarrietarako urratsa egitearekin, baita pauso txikiak nahiz handiak egitearekin nahiz eredu komunitario baterako pausoak ematearekin ere. Galdera bat errepikatu zen behin eta berriz: nola egin daitek hori guztia?

Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruko solasaldi zikloko hitzordua izan zen atzo arratsaldean Basazabal jauregian. Zer energia eredu nahi du Azpeitiak? izenburupean jardun zuten solasean ordu eta erdi inguruz Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Ikerbasque zientzia fundazioko ikertzaileak, Alazne Arruti Goienerreko kideak eta Gorka Laurna Stop Fosilak taldeko kideak. Oihana Elduaien Berria-ko kazetaria aritu zen gaiak mahai gainean jartzen, eta herritarrek ere izan zuten galderak eta kezkak plazaratzeko aukera. Izan ere, 30 bat lagun elkartu ziren atzoko solasaldian.

Hizlari bakoitzak energiaren aferaz duen tesia plazaratzeko aukera izan zuen lehen minutuetan. Arruti izan zen hitza hartzen aurrena, eta hark azaldu zuenez, erronka da erregai fosilak ordezkatzea, baina nola egin da gakoa: "Ondorioa da energia berriztagarriekin ezin dela asetu gaur egungo kontsumo guztia, eta gaur egun energia materialekiko dependentzia handia dugula". Peñalbak beste aldagai bat batu zuen ekuaziora: denbora. "Eztabaidetatik kanpo geratzen da, baina oso garrantzitsua da. Izan ere, energia trantsizioa oso azkar egin behar da". Haren hitzetan, energia iturriei dagokienez, kanpoko dependentzia itzela da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lurralde horietan ez baita kontsumitzen den energiaren %10 ere sortzen. "Oso tesitura konplikatuan gaude, eta trantsizioa behar da bortitza, sakona eta azkarra, baina halakorik sekula ez da gertatu". Haren aburuz, bi bide daude trantsizio hori gauzatzeko: berriztagarrien zabalpena eta desazkundea. Eta hain zuzen ere, bi puntu horiek behin eta berriz aletu zituzten hizlariek solasaldian zehar. Laurnak adierazi zuenez, datozen hamarkadetarako gizarteak duen erronka historian izan den handienetakoa da, eta ereduaz eztabaidatzerako, gaur egungo egoeraz hitz egin behar da: "Klima larrialdian gaude, erregai fosilak mehatxua dira eta trantsizioa egin behar dugu. Ospitaleak martxan egon daitezke erregai fosilekin edo berriztagarriekin, eta berriztagarriekin jardun behar baldin badugu, jarri beharko dira eguzki plakak eta haize errotak".

Txikiak bai, handiak ere bai

"Azpiegitura txikiak ez dira nahikoa, ondorio horretara iritsi gara", esan zuen Arrutik, moderatzaileak egindako galderari erantzunez. Izan ere, Elduaienek emandako datuen arabera, Azpeitian gaur egun herriko energia kontsumoaren %0,89 estaltzen da berriztagarriekin. "Proiektu txikiak beharko dira, baina erronka da urratsa maila handiagoan egitea. Energia berriztagarrien komunitateak behar dira, baina instalazio handietara saltoa nola egingo dugu?", galdetu zuen Arrutik. Horixe gakoa: nola egin zehaztea. Hizlariek eredu publiko-komunitarioa izan zuten ahotan proiektu handiez edo makroproiektuez solasterakoan.

Proiektu handiak behar direla aitortzea "saltotzat" jo zuen Peñalbak, eta paradigmatikotzat jo zuen egoera: "Gaur egun dugun energia estaldura izanda, ezin zaie ezetz esan proiektu handiei, baina parke ertain-handiak behar direla esaten dugunean, eztabaida sortzen da, aztarna ekologikoa tarteko. Aztarna hori, baina, ja badago; gure kontsumo eredua ari da sortzen haize errotek sortuko dutena baino aztarna handiagoa". Haren hitzetan, jabetza da gakoa, komunitate tresnak sortu beharko direlako proiektu handietarako: "Gaur egun, Euskal Herriko erakunde publikoek ez dute halako parkerik egiteko gaitasunik. Zergatik Statkraft [Azpeitiko Sañoa mendian parke eolikoa egiteko interesa agertu zuen Norvegiako enpresa]? Energiaren Euskal Erakundeak [EEE] ezin duelako, ez duelako ez ezagutza teknikorik, ez gihar ekonomikorik halakorik aurrera eramateko. Norvegian duten eredua bestelakoa da, han enpresa publikoek gihar ekonomikoa dutelako. Parke handien eztabaida ezin dugu albo batera utzi, eta ereduak proposatu daitezke".

Peñalbak dioenez, parkeak sortu nahi dituzten enpresei baldintzak jarri beharko zaizkie, bai gizartetik, bai gobernuetatik. "Herritarrei energiaren prezioak jaitsi, parkearen jabe egin bizilagunak eta erakundeak... Baldintzak jarrita, irabazi egingo dugu herri bezala. Ez dugu izan behar eredua aztertzeko beldurrik, eta ez dugu lotsarik izan behar kontraesanak ditugulako. Izan ere, eolikoen kontra egon gaitezke, baina horren alternatiba ez da guztiz polita; beste leku batzuetan izango du eragina. Aurrera egiteko aukerak badira, eta oposizio inmobilista egitea baino hobe da alternatibak proposatzea", gaineratu zuen.

Zehaztasunera jo zuen moderatzaileak, "errotak behar al dira?" galdetuta, eta Peñalbak argi erantzun zuen: "Gure energia kontsumoa estaltzeko behar dira errotak ere, pila bat, eta parke fotovoltaikoak ere bai". Arrutiren ustez, marra gorriak jarri behar zaizkie halako parkeak egin nahi dituzten enpresei.

Trantsizioa, bai, baina nola?

"Trantsizioa ez gara ari egiten, merkatu irizpideei soilik begiratzen zaie", esan zuen Laurnak. Hark gogorarazi zuen, gaur-gaurkoz Hego Euskal Herriko bi administrazioek ez dituztela martxan Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Peñalbak, berriz, plangintzen "idealizazioa" jarri zuen mahaiaren gainean. "Nik ere gauzak planifikatzen ditut, baina gero ez dira gauzak nik nahi bezala izaten. Denbora kontuan hartu behar da, LPSaren zain denbora daramagulako, eta ez dago horren zain egoterik; izan ere, ez da aterako, edo ateratzen denean, ez zaigu gustatuko". Izan ere, hark dioenez, azterketak orokorrean hartzen direnean ez da arazorik sortzen: "Mikroari begiratzean, mapako puntua zu zarenean, sortzen da arazoa, maila lokalera jaitsitakoan. Uste dut LPSa onartzen dutenean ere horixe pasatuko dela, eta beraz, plangintzak behar direlakoan nago, baina horrek ez ditu konponduko gatazkak".

Energia berriztagarrien gaiarekin gizartea "mesfidati" dagoela uste du Arrutik, eta banatuta. "Kezka sortzen du kalteak eta onurak nork jasoko dituen ez jakiteak. Parte hartzea behar da, hitz egitea, baina presa tarteko, ez da ari gaia horrela bideratzen, eta beraz, kontrako erreakzioa sortzen ari da. Erronka da espazioak sortzea sentsibilitate desberdinek beren ikuspuntuak komunean jartzeko eta bidea batera egiteko. Nola? Ez dakit".

Behin eta berriz izan zuten ahotan "nola" hitza solaskideek, bai trantsizioaz ari zirenean, bai desazkundea hizpide zutenean. Horixe izan zen moderatzailearen galdera ere: "Nola bultzatzen dira desazkundea, kontsumo murrizketa, ohitura aldaketak...?". Berriz ere, nola. "Ez dakigu, inork ez daki, ez baitakigu gizarteak desazkundea onartzeko kulturalki zer pieza ukitu behar diren. Izan ere, desazkundea kultura kontua da niretzat: bizitza geldoagoa egiteko hautua norberak egin behar du, luxu askori muzin egin, beste kultur eta aisialdi eredu batzuk sortu... Eta hori ez da gertatzen egun batetik bestera", erantzun zuen Peñalbak. Desazkundeak, halaber, politikaren parte izan behar duela uste du hark, eta harreman zuzena duela egoera sozioekonomikoarekin. "Desazkundea epe luzerako prozesua da, eta ezarri beharko dira mekanismo fiskalak nahiz muga teknikoak. Prozesu hori demokratikoki artikulatu behar da lau urtero agintean dagoenarekin; izan ere, norbaitek esan dezake ezetz, desazkunderik ez dela behar, hau ez dela Kuba".

Laurnaren arabera, desazkundea eta energia berriztagarriak, biak behar dira klima larrialdiari aurre egiteko eta energia fosilak lurpean uzteko. "Zenbat desazkunde? Eta zer denboratan? Horiek dira gakoak. Ospitale gabe egon behar dugula ez du aldarrikatzen inork, baina, agian, bai bizikletaz ibiltzea. Makroproiektuak ez ezin da izan aldarrietako bat, ez dauka logikarik. Izan ere, ospitaleak ere hala dira, eta behar dira, eta energia berriztagarriak osasun publikoa dira, eta behar dira", esan zuen hark.

Arrutik dioenez, "argi" dago muga gertu dagoela eta trena aurrera doala. "Uste dut desazkundea behartua izateak azkartuko duela prozesua, baina gizartea ez da bizitza motelagoak irudikatzeko gai. Batzuentzat eskubidea da mugikortasun handiko gizartea izatea, baina lehen motelago bizi ziren. Uste dut lehengo gauza batzuk berreskuratzea izan daitekeela aterabidea". Peñalbak, baina, ez du uste behartzea denik konponbidea. "Ez dugu nahi hori, eta ez da etorriko; izan ere, desazkunde fortzatuaren iruditerian kolapsoa dago, eta hori oso arriskutsua eta inprudentea da. Iruditeria horren aurrean dagoen sufrimendua izugarria da, ez baita kapitalismoa suntsitzean unikornioak aterako direla". Horri lotuta, kapitalismoak duen erresilientzia izan zuen hizpide Ikerbasqueko kideak, haren aburuz, sistema hori ona delako alternatibak bilatzen. "Desazkundea etorriko da, teknologikoki efizienteagoak diren prozesuak etorriko direlako, eta aldaketa sozialak ere eragingo du horretan".

Nondik hasi?

Arrutiren aburuz, ekonomia sozial eraldatzailea sustatzen saiatu behar dute herritarrek ahal duten neurrian, eta erakunde publikoei eskatu behar zaie jabetzaren alde indarra egiteko: "Eredu publiko-komunitarioan parte hartzeko ausardia eskatuko nieke, eredu horretan sakontzea, orain arte egindakoa hobetzeko". Kanpo eragileei, berriz, irabazi asmorik ez izateko eskatu die Goienerreko kideak. "Izan ere, gizartean sortu den dependentzia sortu da enpresa eredu horrek mozkinak bilatzen dituelako".

Peñalbak baikorra dela esan zuen, eta greenwashing praktika aipatu. "Enpresek negoziora jo nahi izaten dute, baina inbertsoreak, Europako Banku Zentrala... hasi dira beste eredu batzuei begira, hor dagoelako negozioa. Batzuetan pentsatzen dugu hori gure kontra doala, baina testuinguruak eraman ditu horretara. Greenwhasing-a da egin nahi ez duten hori egitera jartzea, guk nahi dugun hori egitera jartzea beren irudia salbatzeko, nahiz eta beren helburua lortzeko egiten duten. Uste dut energiarekin halako zerbait gertatuko dela, eta LPS berriarekin, planta handiak ez ezik, komunitateak sortzeko aukerak etorriko direla. Seinale positibo horien aurrean prest egon behar dugu pausoak emateko". Hori horrela izanik, herritarrei beren aztarnaren jabe egiteko eskatu zien Peñalbak, ardura eta kontzientzia hartzeko. "Ezer ez egiteak ere aztarna eragiten du, eta atera egin behar da egoera horretatik, pausoak eman behar dira". Bestalde, erakundeei ausardia edukitzea galdegin zien hark: "Lege aurrerakoiak ateratzeko, pauso bat gehiago emateko, herritarrek eta erakundeek parte hartzeko mekanismoak sortzeko... Eredu berriak sortu behar dira, era positiboan, halakoak askoz ere azkarrago zabaltzen direlako".

Energiarena "gai potoloa" dela aitortu zuen Laurnak, baina haren ustez giltza izango da erakunde publikoek jabetzan parte hartzea. "Planta handiek badituzte inpaktuak, baina erregai fosilekin alderatuta, txikiagoak. Ezin ditugu energia berriztagarrien eraginak hain zorrotz hartu, eta erregai fosilak etengabe kontsumitu. Haize errotak jartzeak kezka sortzen du, bai, baina hor nonbait, atzean dago elefante erraldoi bat, petroliozkoa, eta hori da benetan zorrotz hartu behar duguna. Benetako dilema zera da: Trump edo hemen sortutako energia energia berriztagarri eta burujabeak?".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide