Maiatzeko tailerretan, hitza, irudia eta soinua lanabes

Maialen Etxaniz 2026ko apirilaren 30a

Tailerretako bat gidatuko duen Ixa10 artistak egindako lan bat. (@X10)

Kaleko artea, sintetizadore modularra eta stand-up ikastaroak eskainiko dituzte Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Ireki dute saioetarako izen ematea.

Azpeitiko Dinamoa sormen guneak hainbat arte diziplinatan aritzeko espazioak eskaintzen ditu urtean zehar, irudiaren, soinuaren, gorputzaren eta hitzaren eremuei esker.

Maiatzerako antolatu dituzten ikastaroek arlo horietako gehientsuenak probatzeko aukera eskainiko dute; izan ere, hitza, irudia eta soinua landuko dituzte datozen asteetan zehar egingo dituzten ikastaroetan. Hain zuzen, kaleko arteaz, soinu sintetizadore modularraz eta azken urteetan ezagun egin diren stand-up ikuskizunez ikasteko parada izango da Dinamoan.

Artea kalean ere bai

Maiatzari ekiteko, hilaren 7an, kaleko artearen inguruko ikastaroa eskainiko du Ixa10 izeneko artista anonimoak.

Bi orduko saio teoriko-praktikoa izango da hark eskainiko duena, 18:00etatik 20:00etara, eta bertaratzen direnek mihise gisa kalea erabiltzen duten hainbat artistaren erreferentziak ezagutzeko aukera izango dute, baita ikusitakoa edo bururatutakoa praktikara eramateko parada ere, ikastaroa amaitzean, partaideek kale interbentzioak egiteko aukera izango baitute.

Ixa10 artistak papera eta collage teknika erabiltzen ditu nagusiki kaleko lanetarako. 

Sintetizadorea, sakonago

Musikaren txanda izango da ondoren. Maiatzaren 9an egingo dute sintetizadore modular kolektiboaren inguruko aurreneko saioa, baina orotara hilabeteko iraupena izango du ikastaroak. Amsia musikariak gidatuko ditu formakuntzak, eta aurrenekoa trinkoa izango da; hau da, egun osokoa. Goizean, 10:30etik 14:00etara izango da ikastaroa. Ondoren, partaide guztiek elkarrekin bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta arratsaldean,15:30etik 18:00etara ikasitakoarekin borobilduko dute ikastaroaren lehen eguna.

Hilaren 9ko lehen formakuntzaren ostean, saio gehiago eskainiko dituzte: maiatzaren 16an, 23an, 30ean eta ekainaren 6an, hain zuzen. Dena den, jarraikortasuna ez da ezinbestekoa izango, izen ematea saio bakoitzaren aurretik egiteko aukera egongo baita. 

Lotsak kentzeko aukera

Maiatzeko formakuntzak umorez agurtuko dituzte Dinamoan. Beñat Iturbe umoregileak stand-up tailerra eskainiko du maiatzaren 30ean, eta komedia egiteko hainbat gako azalduko ditu.

Orotara, sei orduko ikastaro trinkoa eskainiko du Iturbek, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Umoregileak eskainiko duen ikastaroaren xedea da bertan parte hartzen dutenek jendaurrean modu arinean irakurtzeko testu bat sortzea. Horretarako, hainbat adibide teoriko eta praktiko emango ditu Iturbek. Umoregile euskaldunen loraldiaren belaunaldikoa da. 

Izen ematea eta prezioak

Ikastaroak iragartzearekin batera ireki du horietarako izen ematea Kulturaz kooperatibak, eta lekuak bete arte egongo da inskripzio epea irekita Kulturaz.eus webgunean.

Kaleko artearen ikastaroa 15 euro izango da; sintetizadorearen lehen eguneko saioa 15 euro eta hilabete osoko formakuntza 35 euro; eta stand-up tailerra, berriz, 30 euro. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide