Ion Del Cid: "Gauzak ondo eginda lortu dut Nanirekin lehiatzea"

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 1a

Ion Del Cid. (Andoni Elduaien)

Ion Del Cid auto kopilotuak bigarrenez korritu du aurten Nani Roma pilotuarekin. Romaren ohiko kopilotua ordezkatu du azpeitiarrak, eta gauzak ezin hobeto atera zaizkio.

Joan Romarekin, Nani Roma izenez mundu mailan ezaguna den auto pilotu kataluniarrarekin, aritzeko aukera izan zuen duela bi aste Ion Del Cid (Azpeitia, 2003) auto kopilotuak. Parte hartzea gutxi ez, eta gainera, Rally Rocafort de Vallbona proba, Kataluniako Txapelketako bigarrena, irabazi zuen azpeitiarrak Romarekin. Ordea, duela bi asteko hitzordu hura ez zen Del Ciden estreinakoa izan Romarekin. Izan ere, iaz ere aritu zen kopilotu azpeitiarra harekin, Rallye del Trepat proban. 

Nondik eta nora sortu zitzaizun Nani Roma pilotuarekin korritzeko aukera?

Normalean Nani Romarekin kopilotu bezala ibiltzen den Alex Haro ezaguna dut. Iaz, Alexek Rallye del Trepat proban ezin izan zuen Romarekin batera parte hartu, eta orduan, niri egin zidan kasu Nanik. Ez dakit nirekin ondo moldatu zelako edo egindako lanarekin gustura geratu zelako izan zen, baina berriro deitu zidan. 

Izen handiko auto pilotua da Nani Roma. Nor da zuretzat?

Izen handiko pilotua da; zalantzarik gabe, oso garrantzitsua automobilismoan. Lur orotako ibilgailuen pilotuen artean erreferente nagusietako bat da. Aurten, adibidez, Dakar rallya irabazteko egin du borroka. Marka ofizialetako ibilgailuak erabiltzen dituen pilotuetako bat da, eta halakoek asko dakite mundu horretaz. Hori horrela izanda, saiatu naiz ahalik eta gehien ikasten eta aprobetxatzen. 

"Nanirekin parte hartuta, guztia ondo egin behar nuela sentitu nuen"

Eta zer ikasi duzu esperientzia berezi horretatik?

Rally probak ez dira Naniren ohiko eremuak; gehiago aritzen da lur orotako ibilgailuekin. Rallyak, normalean, abiadura mugak-eta hobetzeko baliatzen ditu hark. Esate baterako, datorren hilean Argentinara joango da korritzera, eta test moduan parte hartu zuen Rally Rocafort de Vallbona proban, erritmoa har zezan. Dakar rallyak Ford Raptor autoarekin korritu ohi ditu Nanik, baina Vallbonan Ford Fiesta Rally 2 mailako autoarekin parte hartu genuen. Azken auto hori Ford Raptor autoa baino azkarragoa da, eta Nanik berak dio abiadura handiaren eraginez sortzen zaizkion sentsazioek asko laguntzen diotela entrenatzeko garaian. Hala, Ford Raptor autoarekin lehiatu behar duen egunetarako erreakzionatzeko prestatuago egotea nahi izaten du.

Lasterketaren lehen zatian, zorua oso labaina zegoen, eta hasieran estututa atera ginen. Ordea, Nanik une batean esan zuen egoera hark parte hartzaile guztiei berdin eragiten ziela, eta orduz geroztik, lasaiago aritu ginen. Ikasi nuen lasaitasun puntu horri neurria hartzen, eta ikusi nuen autoa nola prestatzen duen korritzeko; izan ere, gu baino pauso batzuk aurrerago dago Nani arlo horretan. Ikusi zuenean autoarekin ez zebilela gustura, pare bat gauza ukitzea erabaki zuen, eta erabat asmatu zuen. 

Halako maila duen pilotu baten alboan aritzeak sortu al zuen zugan inolako ardurarik?

Bai, nola ez. Rally Rocafort de Vallbona proban ez nuen horrenbeste sentitu, baina bai Nanirekin aurrenekoz korritu nuenean. Guztia ondo egin behar nuela sentitzen nuen, eta horren eraginez, presioa ezarri nion neure buruari. Huts egiteko marjina ere txikitu egiten da, gainera, halakoetan. Ordea, Nani pertsona oso arrunta da, pertsona ona, eta elkarrekin korritu ditugun bi probetan ia-ia dena ongi atera zaigunez, ez dugu inolako arazorik izan. 

"Lasterketetan parte hartzea eta nire buruarekin gustura egotea nahi dut"

Urte gutxian lortu duzu maila handiko pilotuen alboan esertzea. Amestutako egunak izan al dira?

Gure gurasoei esker, zorte handiz, automobilismo munduko jende askorekin dugu harremana. Ordea, esango nuke gauzak ondo eginez eta landuta lortu dudala Nanirekin batera lehiatzea. Lasterketa munduan saiatzen denak, pilotuekin ondo konektatzen duenak edota gauzak ondo egiten dituenak, normalean bere saria jasotzen du. Gainera, ahoz ahokoak asko balio du automobilismoan, eta itxuraz, oraingoan bere lana egin du.

Zer gaitasun dituzu Roma bezalako pilotu batek zu hautatu izateko?

Ideiak garbi ditut. Gauzak aldez aurretik prestatzen saiatzen naiz, eta une bakoitzean non egon behar dudan eta zer egin behar dudan zehazten ahalegintzen naiz. Araudia goitik behera irakurtzen dut lasterketak korritu aurretik, eta ahal bada, buruz ikasi ere bai. Oro har, gauzak ondo eta txukun egitea dut gustuko, baina kritikoa ere banaiz neure buruarekin.

Izango al duzu proba gehiagotan Romarekin korritzeko aukerarik?

Hori ez dago nire esku. Naniren kopilotu Alexen [Haro] arabera sortuko zait berriro aukera, edo ez. Izan ere, Nanik eta Alexek kontratua dute sinatuta elkarrekin, lasterketak batera korritu ditzaten.

2022. urtean hasi zinen zu kopilotu bezala hainbat probatan parte hartzen. Zer moduz ari zara moldatzen orduz geroztik?

Espainiako lur orotako txapelketan parte hartzen ari naiz Juan Gasso pilotu kataluniarrarekin batera. Momentuz, bi lasterketa jokatu ditugu, eta lehenak goaz sailkapen orokorrean. Gainera, Portugalen ere izan ginen duela gutxi, Munduko Rally Raid Txapelketan. Laugarren egunean erretiratu egin behar izan genuen, baina podiumagatik egin genuen borroka.

"Gustatuko litzaidake, behin bada ere, Dakar rallyan irtetea"

Datorrenari begira jarrita, zer duzu begiz jota? Zein dira zure helburuak?

Oraingoz, nire asmoa da aurtengo Espainiako Txapelketa ahalik eta ondoen amaitzen saiatzea. Horrekin batera, lan ona egin nahi dut Marokon; iaz ere izan ginen hango lasterketa batean, baina gauzak ez zitzaizkigun nahi bezain ondo irten. Ea aurten berriro hara joateko eta gauzak iaz baino hobeto egiteko aukera izaten dugun. Oro har, baina, lasterketetan parte hartzea eta nire buruarekin gustura egotea nahi dut, lana ondo egin dudanaren seinale izango da-eta hori. 

Non ikusi nahiko zenuke etorkizunean zure izena? Zein probatan gustatuko litzaizuke parte hartzea, eta norekin?

Ez dut ezer konkreturik buruan. Hori bai, gustatuko litzaidake, bizitzan behin bada ere, Dakar rallyan parte hartzea, esperientzia hori bizitzeagatik. Autoa, berriz, elkar ondo ulertzen garen eta bion artean harreman ona dugun pertsona batekin elkarbanatzea nahi nuke etorkizunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide