Basazabaleko bigarren solairuko aretoa txiki gelditu zen atzo Iñigo Uriarteren Iktus baten ondoren bizitza (a)normala hitzaldia entzutera bertaratu ziren herritar guztientzat. Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzaileek gonbidatuta etorri zen bilbotarra, eta bere esperientzia pertsonala izan zuen hizketagai nagusi.
Izan ere, duela hiru urte eta erdi, 45 urte zituela, iktus bat izan zuen bilbotarrak, eta horrek bizitza nola baldintzatu dion, egunerokoari aurre nola egiten dion, korrika egiteak horretan guztian nola laguntzen dion eta beste hamaika kontu azaldu zituen, besteren artean. Maiatzaren 9an, Domusa Teknik 40 MLK probaren egunean, Azpeitian izango da berriz, lasterketa luzean parte hartzekoa baita.