Klik!

Eraitsitakoak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 19a

XXI. mendearen lehen laurdenean, Azpeitian hainbat eraikin eta etxebizitza eraitsi dituzte, baita botatakoen lekuan berriak eraiki ere. Herritar gazte askok ezagutu gabeko eraikinak dira asko; beste herritar askori, ordea, oroitzapen ugari ekarriko dizkietenak. Azken bi hamarkadetan botatako eraikin batzuk dira apirileko Azpeitia Guka aldizkariko Klik! argazki erreportajean jasotakoak, baina badira gehiago ere: Mataderoa, Soreasu antzoki zaharra, Zelaitxo...

Plazakoak eta Alde Zaharrekoak

Alde Zaharreko kaleetan eta herriko plazan hainbat eraikin eraitsi, berritu edota berreraiki dituzte azken hogei urteotan.

2014. urtetik 2016ra bitartean, plaza eraberritu eta oinezkoentzat egokitu zuen Azpeitiko Udalak. Azoka Plaza berritu eta itxuraz aldatu zuten, plaza alderako arkuak eta balkoia kenduta. Horrez gain, kiosko zaharra eraitsi eta berria eraiki zuten.

Goiko kalean, Bustinzuriko Errebalean, Enparan kalean, Erdikalean eta Elizkalean hainbat etxebizitza zahar ere bota dituzte azken urteotan, eta horietako askoren tokian etxe berriak eraiki dituzte, sustapen pribatukoak nahiz publikokoak. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak nahiz Azpeitiko Udalak babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoa dute Elizkaleko eta Erdikaleko bi orubetan.

Perretxikoa eta Perdillegiko eraikina

2023ko urrian eraitsi zuten Jose Artetxe kaleko Perretxikoa edota oktogonoa. Eraikin hura helduentzako eskolaren egoitza izan zen eraitsi aurreko urteetan. 2025eko ekainaren hondarretan eta uztailaren lehenetan bota zuten, ostera, San Migel patronatua izan zenaren Perdillegiko eraikina. Eraikin hartan izan zuten egoitza urte luzez Juan Antxieta musika eskolak, Udal Euskaltegiak eta Atzegik. Bota zutenetik, musika eskolak Dinamoa sormen gunean du egoitza berria, eta Udal Euskaltegiak eta Atzegik, aldiz, Perez Arregi plazan, sasoi batean Telefonica kokatuta egon zen eraikinean. Etorkizuneko adinekoentzako zentroa eraiki bitartean, autokarabanentzako eta autoentzako aparkalekuak dira bi eraikin horiek hartzen zuten eremua.

Auzolaguntzarekin eraikitakoa izan zena

2006ko urtarrilean, Loiolatxo eraikina bota eta autoentzako aparkalekua egokitu zuen haren tokian Gipuzkoako Foru Aldundiak. Auzoko elkartearen egoitza berria Loiolako tren geltokia zaharraren ondoan egin zuen Azpeitiko Udalak. Aurreko mendearen erdialdera eraiki zuten Loiolatxo eraikina auzolaguntzari esker; Loiolako familia edo baserri bakoitzak mila pezeta inguru jarri zituen eraikitzeko. Doktrina emateko tokia, auzotarren elkartea eta gau eskolen aterpea izateaz gain, ikastolak ere erabili izan zuen eraikina zutik egon zen urteetan.

Institutua

1961ean inauguratu zuten Institutu Laborala izango zena, Perdillegi kalean. 43 urte geroago, 2004ko irailean, Azpeitiko institutuaren eraikina bota egin zuten, ikastetxe berria eraikitzeko. Perdillegiko eraikin zaharrean, Urola ikastolaren ikasgelak –aurretik, Azkoitia-Azpeitia BHI zena–, Euskara Patronatuaren egoitza eta Udal Euskaltegiko ikasgelak zeuden. Gaur egun, Izarraizpe Ikastola Publikoaren egoitzetako bat da.

Larrin baserria botata

Oñatz auzoan kokatuta egon arren, Landetatik oso gertu zegoen Larrin baserria iazko irailean eraitsi zuten. Aspaldiko asmoa zen baserri hura eraistea. Izan ere, 2020ko azaroan, herriko industria beharrei erantzuteko asmoz, Larrin eremua garatzeko aspaldiko konpromisoa berreskuratu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailak.

Kuartel zaharra

2006ko abuztuan eraitsi zuten kuartel zaharra, eta han egoitza zuten talde gehienak lekualdatu egin zituzten. Perez Arregi plazan Telefonicak zuen eraikinera aldatu ziren Erniarraitz bertsozale elkartea, Azpeitiko Argazki Elkartea, Antxieta jakintza taldea, Uztarria kultur koordinakundea, Urola Kostako Hitza eta Literatuzta. Gaur egun, talde horiek denek beste toki batean dute egoitza: Erniarraitzek, Argazki Elkarteak eta Gukak (Uztarria eta Hitza) Dinamoa sormen gunean, eta Antxietak, Soreasun. Izarraitz txistulari taldeak, Zine Klub taldeak eta DYAk ere egoitza izan zuten kuartel hartan, baita Arte eta Diseinukoek ere.

Nuarbeko etxea

Azpeitiko Udalak iazko urriaren aurrenean eraitsi zuen Nuarben 27 zenbakidun etxea. Nuarbeko pilotalekuaren albo batera zegoen eraikin hura, eta auzotarrek hala eskatuta, eremu horretan autoentzako aparkalekua egin zuen erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide