Hasi da dantza suelto txapelketen denboraldia, eta lehen lehian txapela buru gainean janztea lortu dute Jone Arriaran eta German Aranburu dantzari azpeitiarrek. Iazko emaitza onei jarraituz hasi dute denboraldia, beraz, azpeitiarrek, eta gustura dira.
Atzo parte hartu zuten Estibalizko (Araba) Dantza Suelto Txapelketaren 33. edizioan, eta bikote azpeitiarra izan zen nagusi. Gainera, bikote horrentzat izan zen jantzirik onenaren saria ere.
Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatuta egin zuten lehia, eta zortzi bikotek parte hartu zuten. Epaimahaiak hala erabakita, Arriaranentzat eta Aranbururentzat izan ziren txapelak, baina hirugarren sailkatu zen bikotea ere Azpeitikoa izan zen: Nora Aizpuru eta Iker Zabala.
Halaber, atzo jokatu zuten Estibalitzen bertan 33. Aurresku Txapelketa ere, eta lehia horretan bigarren egin zuen Iker Zabala azpeitiarrak. Sei bikotek parte hartu zuten modalitate horretan.