Kale Pintura Lehiaketaren bosgarren edizioa ari dira egiten gaur, igandea, Azpeitian. Goizetik ikus daitezke han eta hemen hainbat margolari, herriko zenbait gune nahiz eraikin mihiseetara eramaten. Sormena izan da gaur goizeko protagonista, eta hainbat izan dira sortzaileek margolanak nola egiten zituzten ikustera gerturatu diren herritarrak.
Antolatzaileek emandako datuaren arabera, hogei heldu eta bi ume ari dira lehiaketan parte hartzen. Horiek Jose Artetxe kalean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren parean, Alde Zaharreko kaleetan, Enparan dorretxearen inguruan nahiz beste hainbat lekutan ari dira margotzen, sormenari lekua ematen.
Sari banaketa ekitaldia 14:30en bueltane gingo dute Betharrametako aretoan. Hain zuzen ere, epaimahaiak orduan jakinaraziko du zein izan diren aurtengo edizioko lanik onenak. Helduen mailako lehen saria irabazten duenak, 800 euro jasoko ditu; bigarren egiten duenak, 500 euro; eta herritar onenaren saria eskuratzen duenak, 300 euro. 16 urtetik beherakoen artean, berriz, margotzeko materialez osatutako bi sari banatuko dituzte: 12 eta 16 urte artekoentzat bat, eta 12 urtetik beherakoentzat, bestea.
Lehiaketan parte hartu duten margolariek egindako lan guztiak ikusgai izango dira bihartik hilaren 17ra bitartean, Betharrametako erakusketa aretoan.