Kirol ibilbidea hasi zuen tokian omendu dute Marrero

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 3a

Garmendipe futbol zelaian egin diote aitortza Realeko atezainari, Lagun Onaken talde guztietako jokalariak inguruan zituela eta harmailetatik dozenaka lagun begira. Ondoren, gizonen lehen taldeak Eibar C-ren kontra neurtu ditu indarrak, igoera fasera sailkatzeko partida erabakigarrian, baina bana berdinduta, puntu bakarra eskuratu du.

Lagun Onak futbol taldean hasi zuen kirol ibilbidea Unai Marrero Realeko atezainak. 16 urte zituela joan zen Realera, baina ordura artean, Garmendipen ordu asko sartutakoa da. Umetako oroitzapenik onenetakoak zelai horretan dituela aitortu zuen duela egun batzuk egindako elkarrizketa batean. Bada, gaur arratsaldean, bere lehen kluba izandakoak omenaldia egin dio horren oroitzapen politak ekartzen dizkion zelaian bertan, gaur egun Lagun Onakek dituen talde guztietako jokalariak inguruan zituela eta harmailetatik dozenaka lagun begira. 

Gizonen lehen taldearen partida hasi aurretik egin diote aitortza duela bi aste Espainiako Errege Kopako finaleko jokalaririk onena izan zenari. Iñigo Arregi klubeko presidentearekin zelairatu da, Lagun Onakeko eta Eibarreko jokalariek egin dieten pasilloa gurutzatuz. Jone Arriaran eta German Aranburu dantzariek aurreskua egin diote, Iker Letamendiak bertso bat kantatu dio, eta bukatzeko, Iñigo Arregi presidenteak oroigarri bat eman dio. Eskertuta eta txalo artean utzi du zelaia Realeko atezainak, atzera berriz itzuli behar izan duen arren Lagun Onak eta Eibar C taldeen arteko norgehiagokako ohorezko sakea ateratzera. 

Txartela ezin ziurtatu

Igoera fasera sailkatzeko borrokan ari da Jose Luis Riberak gidatzen duen taldea, eta helburu hori lortzeko bidean urrats garrantzitsua zatekeen gaurko neurketa irabaztea. Hiru puntuak eskuratzeko kapaz ez da izan, baina bat behintzat bereganatu du, bana berdinduta bukatu baitute partida. 

Lehen zatian paretsu ibili ziren bi taldeak, baina bietako inork ez zuen gol aukera garbirik sortu. Bigarren zatian indartsuago zelairatu ziren Azpeitikoak, eta 49. minutuan iritsi zen ordaina, Markel Uzinek baloia sarera bidalita.

58. minutuan, ordea, jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren etxekoak, eta horrek asko estutu zituen gauzak Lagun Onakekoentzat. Hala eta guztiz ere, bigarrena sartzeko aukera ezin hobea izan zuten etxekoek, 85. minutuan aldeko penalti bat adierazi baitzuen epaileak. Baina ez, Imanol Alberdik jaurtitako baloiak langan jo zuen, eta handik bost minutura Eibarren gola etorri zen. Horrela, banako berdinketarekin iritsi ziren norgehiagokaren bukaerara. 

Lagun Onakek datorren astean jokatuko du ligako azken jardunaldia Leioan. Garaipenak igoera fasera sartzea ziurtatuko lioke; berdinketarekin, ostera, beste hainbat talderen emaitzen zain egon beharko luke. 

Hiru puntuak etxekoentzat

Emakumeen lehen taldeak ere etxean jokatu du asteburuan, baina zapatuan, Elgoibarren kontra. Partidara sartzea kostatu egin zitzaien, eta lehen hamabost minutuetan gol aukera bat baino gehiago izan zituen Elgoibarrek, nahiz eta atearen aurrean ez zuten asmatu. 15. minututik aurrera, baina, hobeto jokatzen hasi ziren etxekoak, eta baita gol aukerak sortzen ere. Dena dela, atsedenaldira 0-0 iritsi ziren. 

Bigarren zatian hobeto zelairatu ziren etxeko jokalariak. Baloiaren jabetza eskuratu zuten, eta kontrarioen baxualdiari etekina ateratzen ere asmatu egin zuten. Hala, 76. minutuan June Casinak ertzetik egindako jaurtiketa baten ondotik etorri zen gola, atezainak hura gelditu arren, aldaratutako baloia Julene Elustondoren oinetara iritsi baitzen, eta hark ez baitzuen barkatu. Markagailuan aurretik jarri osteko minutuak, partidako azken hamabostak, tentsio handikoak izan ziren, baina Lagun Onakekoek lortu zuten abantailari eustea, eta horrela, 1-0 bukatuta, hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide