Urola Erdiko dantzaeraz mintegia eskainiko du Mikel Sarriegik ostiralean Dinamoan

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 4a

Jose Mari Sagarzazu Elorza 'Tertziopelo' azkoitiarra dantzan, 1950 inguruan. (Utzitakoa)

Gipuzkoako dantza maisuen sistema Urola Erdian izenburupean, hitzaldia eta azalpen praktikoak emango ditu Beasaingo dantzari eta dantza maisuak, Dantzan Ikasi programaren barruko saioan. Doan da, baina joan nahi dutenek izena aurrez eman behar dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzan Ikasi programa Azpeitira iritsiko da datorren ostiralean, maiatzaren 8an. Gipuzkoako dantza maisuen sistema Urola Erdian izenburuarekin, bi orduko mintegia eskainiko du Mikel Sarriegik Dinamoa sormen gunean, 19:00etatik 21:00etara. Dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da Dantzan Ikasi programaren helburua. Doako saioa izango da ostiralekoa, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, esteka honetan.

Dantzaria eta dantza maisu ezaguna da Sarriegi. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa zazpi aldiz irabazitakoa, Beasain (Gipuzkoa) jaioterriko Aurtzaka dantza taldeko irakasle eta zuzendaria da. Aspaldiko urteetan, gainera, Iztuetaren oinordetzatik abiatuta, Gipuzkoako dantza tradizionalen aldaerak, bilakaera eta dantza maisuak ikertu ditu Sarriegik. 2024an argitaratu zuen Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua, eta Urola Erdiko dantza maisuez-eta han jasotakoak eta ikertu dituenak izango ditu hizpide beasaindarrak Dinamoan.

Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua. Eta Urola Erdian zer? izenburua jarrio dio mintegian eskainiko duen hitzaldiari. Hitzaldiaz gain, ordea, azalpen praktikoak ere izango dira Sarriegiren saioan: "Behin Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztu ondoren, joan den mendean Urola inguruan 1950eko hamarkadatik aurrera ezagutu ziren zenbait dantzaera eta molde aipatuko ditugu eta aurreko haien testuinguruan nola kokatzen diren azalduko dugu, hainbat egikera modu praktikoan ere erakutsiz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide