Asteburuan hasiko du Azpeitiak palako Herriartekoa

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 5a

Behean, ezkerretik hasita, Urritz Goenaga eta Mikel Gurrutxaga. Goian, ezkerretik hasita, Oier Alkorta, Telmo Garaizar eta Eneko Martija.

Oier Alkorta, Eneko Martija, Telmo Garaizar, Mikel Santxez, Urritz Goenaga eta Mikel Gurrutxaga palistek eta Asier Egiguren Bikutze antolatzaileak osatuko dute palako Herriarteko Azpeitia taldea. Larunbatean Olaberriaren kontra jokatuko dute final zortzireneko joanekoa, etxetik kanpo.

Datorren asteburuan hasiko da larruzko paleta eta pala motza uztartuko dituen Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Azpeitiak final zortzirenetan hasiko du txapelketa, Olaberriaren kontra jokatuz. Joaneko partida larunbatean izango dute, 10:00etan, etxetik kanpo.

Azpeitia taldea osatuko duten palistak Oier Alkorta, Eneko Martija, Telmo Garaizar, Mikel Santxez, Urritz Goenaga eta Mikel Gurrutxaga izango dira. Antolatzaile lanak, berriz, Asier Egiguren Bikutzek egingo ditu.

Hamar herrik parte hartuko dute larruzko paleta eta pala motzeko Herriarteko txapelketan, eta final zortzirenak jokatuko dituzten lau herriak honakoak dira: Azpeitia, Olaberria, Zumaia eta Oiartzun. Final-laurdenetan batuko dira txapelketara beste sei herriak: Ordizia, Andoain, Donostia, Lazkao, Deba eta Errenteria.

Eskuzkoa astebete geroago

Eskuzko Herriarteko txapelketan 24 herrik eman dute izena. Txapelketa hasita badago ere, Azpeitia final zortzirenetan batuko da lehiara, maiatzeko hirugarren asteburuan. Final hamaseireneretako Amezketa-Lazkao kanporaketaren irabazlea izango da Ilunpekoen aurkaria; etxetik kanpo jokatuko dute joanekoa.

Final hamaseirenetako joanekoa Amezketak 2-1 irabazi dio Lazkaori; 12-22, 22-6 eta 22-16 emaitzak eginda. Datorren asteburuan erabakiko da final zortzirenetan Azpeitiak zein izango duen aurkaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide