'Sorgina, banaiz' dokumentala eta 'Maracuda' filma, asteburuan Soreasun

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 13a

'Sorgina, banaiz' dokumentala.

Igandean eta astelehenean izango dira datozen emanaldiak Soreasu antzokian. Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Asisko Urmenetaren Sorgina, banaiz dokumentala ikusteko aukera izango da igandean eta astelehenean. Igandean, gainera, zuzendariarekin solasaldia ere izango da. Haurrentzako igandeko zinema emanaldian, berriz, Maracuda filma emango dute.

Asisko Urmenetak zuzendutako Sorgina, banaiz dokumentalak eta haurrei zuzendutako Maracuda filmak osatu dute asteburuko Soreasu antzokiko karteldegia. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.

Sorgina, banaiz dokumentalaren emanaldiak nahiz Urmenetarekin izango den solasaldia Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatutakoak izango dira. Igandean, 19:30ean hasiko da emanaldia Soreasun, eta aurrez ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin solasaldia izango da. Astelehenean, 21:00etan hasita, izango da emanaldia. Euskal Herriko sorgin ehizak ulertzeko ikuspegi historiko eta kritikoa eskaintzen du Urmenetak zuzendutako ikus-entzunezkoak. Hala dio dokumentalaren sinopsiak: "Duela 500 urte, euskal sorginkeriaren kontrako jazarpen gupidagabea hasi zen Pirinioetan. Mendeetan zehar inkisidoreen kontakizun ofiziala eta sorgin hegalarien mitoa soilik onartu den arren, sarraski hark oinarri politiko eta sozial sakonak izan zituen: muga ezegonkorrak, jaunen kontrako erreboltak, torturapeko salaketa masiboak, misoginia eta kontrol soziala. Dokumentalak nazioko eta nazioarteko ikertzaileen ahotsak biltzen ditu 'sorginen' gaia jorratzeko, mitologia eta errealitate historikoa uztartuz".

'Maracuda' filma haurrentzat

Igandean, haurrei zuzendutako zinema emanaldian, Maracuda animazio filma (Errusia, 2026) ikusteko aukera izango da Soreasun, 16:30ean. Hala dio filmaren sinopsiak: "Maracuda tribu buruzagi errespetagarri baten semea da. Aita bezain ausarta eta trebea dela erakutsi nahi du, eta horretarako, baso misteriotsu batean sartuko da. Han Tink ezagutuko du, espazioko txori magikoa, eta biak batera abentura ugari biziko dituzte Harri Aroko mundu batean, animalia bitxiekin eta dinosauroekin. Abentura horietako batean, ordea, Maracudaren aita izaki txiki bihurtuko du Tinkek, nahi gabe; Maracuda Tinki botereak kontrolatzen laguntzen saiatuko da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide