Domusa Teknik 40 MLK lasterketa harrera familien zain dauden umeei laguntzeko baliatuko du Mario Yllerak

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 5a

Mario Yllera. (Utzitakoa)

Maiatzaren 2an abiatu zen Madrildik oinez, eta ostiralean iritsiko da Azpeitira, larunbatean 40 MLK proba egiteko. 585 kilometro egingo ditu guztira, eta herritarrek aukera dute dortsal solidarioak erosita ekarpen ekonomikoa egiteko. Bildutako dirua harrera etxeetan familien zain dauden umeen elkarte batentzat izango da.

Mario Yllera madrildarra joan den larunbatean abiatu zen Madrildik oinez, eta ondo bidean, ostiral arratsaldean iritsiko da Azpeitira, hurrengo egunean Domusa Teknik 40 MLK lasterketa egiteko asmoa duelako. Lehendik ere ezaguna du proba hori, duela bi urte ere parte hartu baitzuen, eta ordukoan ere oinez iritsi zen Azpeitira, baina Ebroko urtegitik irtenda.

Gaixotasunei ikusgarritasuna ematea zuen orduko helburua, eta harrera familien zain egoitzetan bizi diren adin txikikoei laguntzea du oraingoa. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan 18 urtez azpiko 20.000 haur eta gazte bizi dira egoera horretan, alegia, egoitzetan, familia batek noiz hartuko zain, eta ume horiek babestea eta haientzat familiak topatzea helburu duen Madrilgo ADAMCAM elkartera bideratuko du lortzen duen diru guztia. 

Egitasmo solidarioari ekarpena egin nahi dioten herritarrek lotura honetan dute aukera. Yllerak egunotan oinez egingo duen 585 kilometroko ibilbidearen zatiak eros ditzakete webgune horretan, 30 metroko zati bakoitza 2 euro ordainduta.   

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide