Manitu oroitzapenak berritzera dator

Maialen Etxaniz 2026ko maiatzaren 6a

Manitu musika taldeko kideak eta Eñaut Gaztañaga, Gaztain estudioan. (Utzitakoa)

Zazpi abestiz osatutako Oroitzapen berriak diskoa kaleratu du Zestoako Manitu musika taldeak. Ia hiru urte zuzenekorik eskaini gabe egon ostean, abesti berriak ahalik eta txoko gehienetara eraman nahi dituzte. Larunbatean Azpeitian eskainiko dute emanaldia.

Ia hiru urtez oholtzak zapaldu gabe egon ostean, zuzenekoetara itzuli da Zestoako Manitu taldea. Disko berria kaleratu dute musikariek, Oroitzapen berriak izenekoa, eta beren doinuak Euskal Herrian zehar eskaintzeko gogoz daude. Taldearen esentzia mantenduta, ska, rock eta punk estiloei eutsita, gogoz itzuli da Manitu.

Zazpi abestiz osatutako lana kaleratu dute Mikel Armendarizek, Liam Zunzunegik, Oier Arantzetak, Isaak Gesalagak, Julen Irurek eta Joritz Zunzunegik. Taldearen izena daraman aurreneko diskoarekin alderatuta, luzeagoa da aurkeztu berri dutena, baina luzeran ez ezik, forman ere aldatu da. Musikariek azaldu dutenez, "gorputz gehiago" dute abesti berriek: "Musika estilo berarekin jarraitu dugu, baina eboluzioa nabaria da abestietan, kantuak osatuagoak baitira. Taldeak izan duen eboluzioa abestietan islatzen da". 

Taldea, indarberrituta

Oroitzapenei abesten diete musikari zestoarrek disko berrian, tartean maitasunari eta heriotzari, "iraganeko ikuspuntutik". Dena den, taldea sortu zuteneko eta lehen urratsak egin zituzteneko oroipen onak dituzte gogoan, eta garai hark haiengan arrastoa utzi zuela aitortu dute. Berriro horrelako sentipenak izatea nahiko luketela diote, eta hortik dator proiektu berriaren izena. "Iraganeko oroitzapenak oso presente daude abestietan". 

Aurrera izeneko abestiak irekitzen du diskoa, eta bertan gogoan hartzen dituzte "bidean topatutako plazak, gaztetxeak eta kideak". Musikariek adierazi dutenez, horiek oso garrantzitsuak izan dira taldearen berpiztean. Nabarmendu dute "oso presente" daukatela nondik datozen. "Gure pizgarri nagusia izan da talde bezala sinetsi egin dugula Manituren proiektuan. Aurreneko diskoari bide laburra eman genion, eta arantza horrek motibatu gaitu lan berria ateratzera eta datorrenari motibazioz eustera". 

Gitarristak taldea utzi behar izan zuen, eta hori izan da oholtzak utzita egoteko "arrazoi nagusia". Pixkanaka grina itzaltzen joan zitzaiela aitortu dute, taldekide berria agertu zen arte. Isaak Gesalaga azpeitiarra taldera batu da, eta harekin batera egingo dute bidea aurrerantzean. 

Partaide berriak soilik ez, herrian bertan duten beste proiektu batek ere eman die bultzada Zestoako musikari gazteei. Fundizio elkartea herriko musika taldeen entsegu lokala berritzen eta handitzen ari da, eta proiektuaren parte dira Manituko kideak. Musika talde berrientzako ezinbestekoa da Zestoako estazio zaharreko entsegu lokala, baina azken urteetan txiki gelditu da, eta entseatzeko mugak izan dituzte talde berriek. Lokalaren eraberritze prozesuak grinez bete ditu musikari zestoarrak, eta hori haien azalean sentitu dute Manitukoek: "Fundiziok lokal berria eskuratuta, proiektu polita dugu herrian, eta hori ere izan da Maniturekin jarraitzeko bultzadetako bat". 

Herriari lotutako taldea da Manitu, eta nabarmena da hori haien hautuetan. Diskoaren grabaketa Zestoan bertan egin dute, Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan, Manitu izeneko lana grabatu zuten leku berean, eta herritarren kolaborazioa ere izan dute diskoan. Abesti guztien hitzak euskaraz dira, eta euskal nortasuna ere aldarrikatzen dute Haiek eta gu abestian. 

Zuzenekoetarako prest

Tronpeta doinuak Manituren bereizgarrietako bat dira, presentzia handia baitute haien abestietan. Horiek ere egiten dituzte dantzagarri eta kantagarri zestoarren kantuak. Duela bi aste, diskoa plataforma digitaletan sareratu berritan, aurkeztu zuten lana Zestoako Gaztetxean. Diskoak "oso harrera ona" izan duela baieztatu dute taldekideek. Gainera, oholtzetarako itzulera "benetan berezia" izan zela aitortu dute, gaztetxea jendez lepo baitzegoen. Orain, zuzenekoak eskaintzeko irrikaz daude. Hori dela eta, datak ixten dabiltza. Hurrengo kontzertua larunbatean eskainiko dute, Azpeitiko Gaztetxean. Halaber, interesa izanez gero, haiekin "lasai asko" harremanetan jartzeko deia egin dute. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide