Udalekuetarako eskaintza prest du udalak, baita izen ematea irekita ere

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 6a

Orain bi urteko udaleku irekiak.

2 eta 18 urtera artekoentzako zazpi programa prestatu dituzte, eta horietan izena emateko epea maiatzaren 20ra bitartekoa izango da. Begirale edota udaleku ibiltarietan azpiegitura arduradun jarduteko izen emateak ere zabalik daude. Zaintza nahiz Nuarbetik eta Urrestillatik autobus zerbitzuak ere eskainiko dituzte.

Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak prestatu du udarako haurrentzako eta gazteentzako aisialdi eskaintza. Zazpi programa izango dira aukeran 2 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat, adinaren arabera banatuta: Txipristinak (HH 2), Udan Txiki (HH 3), Udan Koxkor (HH 4-HH 5), Udan Jolas (LH 1-LH 2), Udan Mugi (LH 3-LH 4), Udan Alai (LH5-LH6) eta Udabentura (DBH eta Batxilergoa).

Udalekuetarako programa horietarako izena maiatzaren 20a, asteazkena, baino lehen eman behar da; izen-ematea online edo aurrez aurre egin ahalko da.

Online izena emateko bete beharreko galdetegiak honako hauek dira:

Izena aurrez aurre emateko, berriz, bi modu daude: alde batetik, Gaztelekuaren Gazteria bulegora joanda, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 19:00etara; eta bestetik, Gazte Informazio Bulegoan –Plaza Txikian–, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara. 

Izena ematerakoan egin beharko da udalekuen ordainketa, eta ordainagiria izen emate galdetegian atxiki edo gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikora bidali behar da. Programa bakoitzak bere prezioa izango du, eta lotura honetan kontsulta daitezke prezioen taula eta ordainketa egiteko kontu zenbakia. Familia ugariek %30eko beherapena izango dute. Udalekuei lotutako informazioaren berri emateko, berriz, Telegram kanala erabiliko dutela jakinarazi du udalak.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, udalekuetan haur eta gazteei gozamenerako eta dibertsiorako aukera emateaz gain, hainbat balio lantzen dituzte, eta ekintzak antolatzeko orduan, herriko eragileekin elkarlanean aritzen dira. "Egiten diren jardueren bidez, haur eta gaztetxoen autonomia indartzea, elkarrekin bizitzen eta lankidetzan aritzen ikastea eta bakoitzak bere interesetatik parte hartzea sustatzen da. Era berean, euskararen erabilera bultzatzea, familien kontziliazioa erraztea eta herrian parte hartzea sustatzea ere badaude egitasmoaren oinarrian, eta, horretarako, tokiko eragileekin elkarlanean aritzeko ahalegina egiten da", adierazi dute udalekuen antolatzaileek.

Zaintza eta autobus zerbitzua

Udalekuak egiten diren egunetan zaintza zerbitzua ere eskainiko dutela aurreratu du Gazteria sailak. Hain zuzen ere, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan elkartuko dira HH2ko haurrak, 08:30etik 10:00etara bitartean. HH2tik gorako haurren zaintza zerbitzua, berriz, San Martin egoitza ondoko eraikinean (Izarraizpe ikastolaren batxilergoko eraikina) eskainiko dute, 08:30etik 10:00etara. Zaintza zerbitzuak asteko 20 euroko kostua izango du.

Urrestillako eta Nuarbeko haurrentzako, berriz, autobus zerbitzua ere eskainiko du udalak, Azpeitira joan-etorria egiteko.

Begiraleentzako izen ematea

Udal udalekuetan begirale aritu nahi dutenentzako izen ematea ere zabalik du Jauzika Heziketa Elkarteak, eta horretarako aukera maiatzaren 17ra artekoa da. Hain justu, aisialdiko begiraleak eta heziketa berezian adituak behar ditu. Aurten, berrikuntza moduan, bi  galdetegi jarri dituzte aukeran: bata begiraleentzat dena, eta bestea, udaleku ibiltarietan azpiegitura arduradun izan nahi dutenentzako dena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide