Nolatan animatu zinen Errekauek zerbitzuan lanean hastera?
Jendearekin harremanak izatea ahalbidetzen duten lanak politak iruditzen zaizkit, eta Errekauek zerbitzukoek lanean hastea proposatu zidatenean, "zergatik ez?" pentsatu nuen. Herritarrei babesa eskaintzen dien zerbitzu bat dela uste dut, eta eskatutako erosketak etxera eramaten dizkiedanean oso gustura eta eskuzabalik hartzen naute. Esker oneko lana da.
Non du muga zuk eskaintzen duzun zerbitzuak?
Muga pentsatzen dut Munategin dugula, Azpeitia aldean Enkargukek eskaintzen duelako zerbitzua, eta beste langile batek egiten du banaketa. Guk, berriz, Azkoitia osoan ematen dugu zerbitzua.
Elkarrekin harremanik ba al duzue?
Egia esanda, Enkarguk zerbitzua ematen duenarekin egoteko asti askorik ez dut izan, baina Errekauetan lanean hasi aurretik, harekin ibili nintzen zerbitzuak nola funtzionatzen duen ikusteko eta ikasteko. Gainera, elkarrekin harremanetan gaude, eta elkarri laguntzeko prest.
Zein da zure lana?
Herritarrek Whatsappez eskatu behar dituzte erosketak, eta behin eskaera erregistratutakoan, saltokira joaten naiz erosketak hartzeko eta bezeroaren etxera eramateko. Errekauek zerbitzuaren kontsignan uzteko eskatzen dutenei, han lagatzen dizkiet. Zerbitzuko kide egiten direnek nahi beste eskaera egin ditzakete urtean 50 euro ordainduta, eta bestela, eskari bakoitzeko euro bat ordaintzen dute.
Edozer eskatzen al dute herritarrek?
Bai, bai. Adibidez, orain gutxi, alfonbrak tindategira eramateko eta garbituta etxera itzultzeko eskatu zuen zerbitzuaren erabiltzaile batek, eta halaxe egin nuen. Botikako kontuak ere egiten ditugu, baina zenbait medikamenturekin zaila da. Etxetresnak ere eskatu izan dizkigute, baina batik bat produktu freskoak eta egunerokoak dira herritarrek eskatzen dituztenak: arraina, barazkiak… Baita fardel handiak ere, bolumen handikoak eta; esaterako, helduen pixoihalak.
Eta zein garraio modu erabiltzen duzu?
Auto elektrikoa, Azkoitian nahiko aldapa eta harrizko zoladuradun galtzada daudelako, eta zerbitzua bizikletan ematen hasiz gero… Gainera, auto elektrikoarekin bidaia bakarrean produktu gehiago garraiatu ditzakegu, eta eguraldi txarrarekin ere erosoagoa da.
Esker onekoak al dira erabiltzaileak?
Bai, oso esker onekoak dira, batzuekin harreman bikaina dut. Kukuerriko baserri batera erosketak eramatera joan eta hango emakumeak beso zabalik hartzen nau, "etorri zara!" esanez. Kutsu soziala duen zerbitzua da. Badira herritarrak kalera irteteko, pisuarekin ibiltzeko edota autoa gidatzeko zailtasunak dituztenak, eta haiei jatekoa edo dena delakoa etxera eramatea zerbitzu ona da. Gainera, lan hori egiteak poz handia ematen dit.
Lan honek azkoitiarrak ezagutzeko eta Azkoitian integratzeko balioko dizu, ezta?
Lehendik ere nahiko integratuta nago Azkoitian, ez naiz pertsona isila, eta segituan hasten naiz batekin eta bestearekin hizketan; harreman errazekoa naiz. Pertsona irekia izatea ondo datorkit Errekauek zerbitzuan lan egiteko, jakin egin behar da-eta zeinekin eta nola moldatu. Azkenean, erabiltzaile batzuen etxeetan sukalderaino sartzen naiz erosketak lagatzera; horretarako elkarrekiko konfiantza izan beharra dago.