Julen Carrizo: "Elektrotxaranga lehiaketarako astero ari gara entseatzen"

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 8a

Julen Carrizo ezkerretik aurrenekoa, Skapaie elektrotxarangako beste kide batzuekin. (Utzitakoa)

Bihar hasita, Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioa egingo dute Azpeitian. Biharkoan 3indarrok elektrotxarangak esakiniko du emanaldia. Azpeitiko Skapaie elektrotxarangak ere parte hartuko du lehiaketa horretan; maiatzaren 30ean du saioa.

Skapaie elektrotxarangak bigarren aldiz parte hartuko du Azpeitian egingo den Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketan; laugarren asteburuan (maiatzaren 30ean) ariko dira herriko Alde Zaharra girotzen. 2022ko apirilaren inguruan hasi ziren Skapaie sortzeko elkartzen, eta urte horretako Sanjuandegiko festetan estreinatu zen taldea kalean. Gaur egun, hamahiru-hamalau lagun dabiltza Skapaie taldean, eta horietako bat da Julen Carrizo.

2022an sortu zenuten Skapaie elektrotxaranga, eta ordutik nolakoa izan da ibilbidea?

Urte hartako Sanjuandegiko festetan izan genuen lehenengo emanaldia, eta ordutik ez dugu geldialdi handirik izan. Taldekide batzuek utzi egin dute, baina beste berri batzuk batu dira Skapaiera, eta taldea berritzen joan da.

Aurten Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketak bosgarren aldia izango du. Aurreko urteren batean parte hartu izan du Skapaiek, baina ez edizio denetan. Zergatik?

2023ko lehiaketan parte hartu genuen, eta gainontzeko urteetan ez dugu parte hartu. Izan ere, elektrotxaranga lehiaketak data zehatzak izaten ditu; garai honetan lan asko izaten dugu, eta aurreko urteetan parte hartzeko datarik ez genuen libre.

Herrian horrelako lehiaketa bat antolatzea zer iruditzen zaizue?

Skapaie sortu aurretik elektrotxaranga osatu asmoz elkartzen hasi ginenean, pare-parean antolatu zuten Azpeitiko txapelketa. Kasualitatea eta zortea izan zen. Urrutira joan gabe, herrian bertan horrelako lehiaketa batean parte hartzeko eta beste elektrotxaranga batzuk ezagutzeko aukera izatea paregabea da.

Modu berezian prestatzen al duzue lehiaketarako emanaldia?

Txapelketari begira, konpromisoa hartuta dugu astero-astero elkartzeko eta entseatzeko. Izan ere, lehiaketako saioa ordu eta erdikoa da, denbora tarte berezia da, eta prestaketa eskatzen du. Saio horretarako kantuak moldatzeko eta emanaldia prestatzeko gehiagotan elkartzen ari gara. Abesti asko aurretik prestatuta ditugu, baina ari gara moldaketa berriak egiteko lanean ere.

Herrian da lehiaketa, kalea eta bertako giroa ezagutzen dituzue. Abantaila al da hori?

Desabantaila baino, abantaila gehiago dela esango nuke herrian jotzea. Hala ere, egia da etxean lotsa gehiago izaten dela, baina geu azpeitiarrak izanda, etxean jotzea aukera ederra da.

Zerbait berria eskaintzeko asmorik ba al duzue lehiaketako saioan?

Astero entseatzen ari garenez, txapelketarako kantu batzuk prestatzen ari gara bereziki, eta ea zer moduz ateratzen zaizkigun.

Lehiaketan parte hartuko duten beste elektrotxarangak ezagutzen al dituzue?

Azpeitian egingo den lehiaketan parte hartuko dutenak, bai. Izan ere, elektrotxarangen taldea edo multzoa ez da oso handia Euskal Herrian, eta gehiago edo gutxiago, ezagutzen ditugu ia guztiak, topaketetan topo egin izan dugulako.

Emanaldiak kalean izanda, eguraldiak ere zeresan handia izango du, ezta?

Bai, hala da. Guretzako lagunik txarrena emanaldiaren orduan euria egitea da, musika ekipoak-eta bustitzea ez zaigulako komeni. Guretzako saioaren garaian ateri egitea da garrantzitsua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide