Tokiko hedabideen arteko lehia ekarriko du Egunean Behinen 21. denboraldiak

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 8a

Astelehenean hasiko da Egunean Behinen 21. denboraldia, eta Tokikom izango da babeslea. Ondorioz, tokiko hamar hedabideren arteko lehia izango da martxan astelehenetik uztailaren 12ra bitartean, eta astez aste, hainbat sari banatuko dituzte. Gukak, esaterako, astero banatuko ditu sariak, baita denboraldiaren bukaeran ere.

Egunean Behin jokoaren 21. denboraldia hasiko da astelehenean, eta datorren aldia berezia izango da; izan ere, euskarazko tokiko hedabideen arteko lehia ere izango da joko horren barruan. Zehazki, Egunean Behin jokoaren 21. denboraldiko babeslea izango da Tokikom –euskarazko 69 komunikabidek osatutako sarea–, eta hedabide hainbaten arteko Tokikom Liga martxan izango da iristear den denboraldian. Astelehenean hasiko da martxan sasoi berria, eta uztailaren 12an bukatuko da.

Egunean Behin jokoaren barruan, hedabide bakoitzak talde bat osatuko du, eta talde horietako parte hartzaileek egunero hamar galderak erantzun beharko dituzte ohiko moduan. Berezitasuna da astez aste talde bakoitzeko partaideen puntuak batu eta hedabideen arteko lehiaren sailkapena osatuko dela. Hain zuzen ere, hamar hedabideren –28 Kanala, Aiurri, Anboto, Arabako Alea, Barrena, GiTB, Goiena, Guaixe, Hiruka eta Guka– arteko lehia izango da astelehenan martxan jarriko dena, eta Gukak astelehenero jakinaraziko du Tokikom Ligaren sailkapena zer-nola dagoen.

Sariak hainbat

Guka-Urola Kosta taldean sartzen diren parte hartzaileek sariak irabazteko aukera izango dute. Astero, parte hartzaile guztien artean Gukaren produktuak eta Gukaren hedabide bateko harpidetza digitala zozkatuko dira. Halaber, bederatzi asteren ostean, Guka-Urola Kosta taldeko sailkapenaren buruan den herritarrak Getariako Elkano jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du. 

Astez aste sarituak nor izan diren sei webguneetan iragarriko du Gukak; astelehenero emango du horren berri atari digitaletan. Denboraldiko garailea nor den, berriz, uztailaren 13an jakinaraziko du Gukak.  

Egunean Behinen 21. denboraldiaren nahiz Tokikom Ligaren gaineko azalpen gehiago, honako lotura honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide