Bihar egingo diren Domusa Teknik 40 eta 15 MLK mendi lasterketetarako prestaketa lanak nabarmenak dira dagoeneko herrian, eta probaren antolatzaileek horren bueltan antolatzen dituzten bestelako ekitaldiak ere ez dira falta izan.
10:30etik aurrera, herriko ikastetxetako LHko 5. eta 6. mailetako dozenaka ikaslek bete dituzte Soreasu antzokiko eserlekuak, Zure irrifarra, nire indarra elkartekoek eman duten hitzaldirako; Domusa Teknik 40 eta 15 MLK lasterketen antolatzaileek, Mareak Urdinak, Realaren fundazioak eta Lagun Onak MBk antolatutako saioa izan da, eta saio bera errepikatuko dute arratsaldean Azkoitian.
2019an jaio zen Zure irrifarra, nire indarra Lazkaon (Gipuzkoa), urritasun funtzionala duten haurrek lasteketetan parte hartu ahal zezaten, boluntarioen laguntzarekin eta egokitutako materialarekin, besteak beste. Gaur, Soreasun, Zure irrifarra, nire indarra-ri esker hainbat lasterketetan parte hartu ahal izan duten haurrak zein haien ardura duten helduak igo dira oholtzara, Marea Urdineko kideen eskutik, ikasle gazteei beren esperientzien berri emateko eta kirolean ere inklusioa sustatzeaz duen garrantzia azpimarratzeko.
