Elkar-ekin taldeak deituta, dozenaka lagunek inguratu zuten atzo, ostirala, Sanjuandegiko biribilgunea. Palestinarekin elkartasuna, Gerra inperialistarik ez lelopean, Palestinari elkartasuna erakutsi zioten han batu ziren herritarrek, 18:30etik 19:00etara bitartean. Atzo, batik bat, Gazara bidean zihoazela Israelek atxilo hartutako Global Sumud ontzidiko kideak izan zituzten gogoan, eta haiek aske uzteko eskatu zuten.
Apirilaren 29an, Israelgo armadak Gazako laguntza humanitarioaren blokeoa haustea xede duen Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi zuen nazioarteko uretan, Greziatik gertu. 58 ontzi zihoazen segizio horretan, baina 22 atzeman zituen Israelek. Guztira, 175 ekintzaile inguru hartu zituen gatibu, eta kide ia guztiak Greziatik etxera itzuliak dira, baina Saif Abu Kexek palestinarrak eta Thiago Avila brasildarrak Israelgo Ashkelon hiriko Shikma espetxean jarraitzen dute preso.
Beste kide guztiekin batera joan den asteartean utzi behar zituzten aske Abu Kexek eta Avila, baina haien atxiloaldia igandera arte luzatzea erabaki zuen Ashkelongo auzitegi batek. Lehena "erakunde terrorista" bateko kidea delakoan hartu zuen gatibu Israelek, eta bestea, "legez kanpoko ekintzak" egin dituelakoan. Atxiloaldi horretan, gainera, palestinarrak "tortura" eta "tratu txarrak" pairatu dituela salatu dute haren senideek.
Elkar-ekinek adierazi du munduak ez duela "bide onik" hartu, baina, era berean, nabarmendu du datorrenak ere ez dirudiela "hobea" izango denik. "Gerra inperialista oro bukatzea" eskatu zuten atzoko elkarretaratzean. "Ekimen txiki bat, aldarrikapen justu bati iltzatua. Hor jarraituko dugu, 30 minutuz, euritan, eguzkitan nahiz lainopean, gerra inperialisten bukaera desio dugulako; Palestinan, Iranen, Libanon, Sudanen eta munduko hamaika herritan herritar oro libre bizi dadin nahi dugulako", adierazi zuten.