Martxan dira Domusa Teknik 40 eta 15 MLK mendi lasterketak. Mila lagunetik gora atera dira gaur goizeko lehen orduan Azpeitiko plazatik herria inguratzen duten mendi gailurren arteko ibilbide malkartsua egitera. Etxekoen, lagunen zein halako lasterketen zale direnen babesa jasota, 08:00etan abiatu dira 65 kilometro osatu behar dituzten Domusa Teknik 40 MLK lasterketako 580 korrikalariak, eta 09:00etan, 26 kilometrori aurre egin behar dioten Domusa Teknik 15 MLK probako 450 lagunak.
Goiz hasi da mugimendua plaza eta haren bueltako kaleetan; izan ere, korrikalariek ondo berotu nahi izan dituzte beren giharrak egunari aurre behar bezala egiteko. Partaide batzuen aurpegietan suma zitekeen urduritasun puntu bat, baina, nolanahi ere, gogotsu ziren mendizaleak. Azken aldietan bezala, gaur ere Beñat Lizasok eskaini die bertsoa bi probetako parte hartzaileei, eta dantza bat eskaini dute Luix Beltzaren eskolako zenbait dantzarik lasterketa irabazteko faboritoen aurkezpenak egiten zituzten bitartean; haiek, gainera, ohorezko aurreskua ere dantzatu dute bi probei ekin aurretik.
Bi lasterketek ibilbide desberdina izanik, Domusa Teknik 40 MLK-koek Erdikalerako bidea hartu dute hasi eta segituan, eta Goiko Kalera jo dute Domusa Teknik 15 MLK-ko lehiakideek. Bi proben irteera ikusteko, jende ugari bildu da ibilbidearen aurreneko metroetan. Domusa Teknik 40 MLK proba osatzeko, 3.700 metroko desnibel positiboa igaro beharko dute kirolariek; Arroita, Sañoa, Gazume, Hernio, Murumendi, Izazpi, Hiruarrieta, Munoaundi eta Xoxote zeharkatu beharko dituzte, besteak beste. Proba laburra egin behar dutenen ibilbidea, berriz, leunagoa da: 1.400 metroko desnibel positiboko ibilbidea izango dute, Oñatz, Munoaundi eta Xoxote Azpeitiko plazarekin lotuz.
Parte hartze datuei erreparatuta, emakumeen parte hartzea azpimarratu behar da, aurten aurreko aldietan baino emakume gehiago atera da-eta irteera lerrotik: proba luzean, 60 emakume abiatu dira, eta proba motzean, 225. Azpeitiarren parte hartzeari dagokionez, bestalde, 76 izan dira herriko plazatik proba luzea osatzera atera direnak, eta horietatik hamabi izan dira emakumeak. Proba motzean, berriz, 93 azpeitiarrek eman dute izena, eta 39 izan dira emakumeak.
Laster dira plazan
Mendi lasterkariak duela gutxi abiatu badira ere, berehala iritsiko dira proba motzeko aurrenak helmugara. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 10:55 alderako iritsiko da Domusa Teknik 15 MLK lasterketako lehen korrikalaria helmugara. Aldiz, 13:45 aldera arte itxaron beharko da Domusa Teknik 40 MLK lasterketa nagusiko lehen korrikalaria helmugan ikusteko.
Ordea, plaza ez da lasterketari lotutako festa gune bakarra izango. Izan ere, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin dagoen Gune Urdinean eta Xoxoten hainbat hitzordu antolatu dituzte gaurko egunerako. Domusa Teknik proba lehen aldiz egin zutenetik, Marea Urdinak kudeatu izan du Ikasberri ikastolaren ondoko anoa gunea, baina aurten Reala Fundazioak beteko du gune urdina. Besteak beste, sentsibilizazio jolasak, puzgarriak eta jolas inklusiboak jarriko dituzte han, baita jan-edanerako postuak ere. Era berean, Gune Urdina izango da eguneko azken gailurrera bidean korrikalariei hauspoa emateko gunea ere, han hasi beharko dute eta Xoxoterako bidea.
Mendiari eta lasterketari eskainitako eguna da gaur Azpeitian, baina orduek aurrera egin eta lasterketak amaitzera egiten duen heinean, musika nonahi entzungo da. Aurrena, 20:15ean, bi lasterketetako lehen korrikalariak eta aurreneko azpeitiarrak sarituko dituzte antolatzaileek. Gainera, boluntarioen artean Tenerifera bidaia zozkatuko dute. 20:30ean, berriz, Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren aldiko lehen lehiakideak aterako dira kalera. 3indarrok elektrotxaranga Perez Arregi plazatik abiatuta ibiliko da Alde Zaharra berotzera. Gauean, berriz, Süne eta Bull DJ izango dira protagonista. Sünek herriko plazan eskainiko du kontzertua 22:00etan, eta 23:30ean hasiko da Bull DJaren emanaldia, Sanagustin kulturgunean.
Hona hemen, gaurko egitaraua:
Gaur, maiatzak 9:
- Azpeitiko plazan
- 10:55. Domusa Teknik 15 MLK, lehen lasterkaria helmugan.
- 13:45. Domusa Teknik 40 MLK, lehen lasterkaria helmugan.
- 20:15. Sari banaketa eta boluntarioen artean Tenerifera bidaia zozkatuko da.
- 20:30. Elektrotxaranga, Alde Zaharreko kaleetan.
- 22:00. Süne musikariaren kontzertua, plazan.
- 23:30. Bull DJa, Sanagustin kulturgunean.
- Gune Urdina, Ikasberrin:
- 09:55. Domusa Teknik 15 MLK, lehen lasterkaria igaroko da.
- 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak.
- 11:00-18:00. Puzgarriak eta jolas inklusiboak, Reala fundazioaren eskutik.
- 11:00-13:00. San Martin egoitzako egoiliarrak.
- 12:00-16:00. Pintxoak eta edariak, Eusko Labelen eskutik.
- 12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen lasterkaria igaroko da.
- 17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken lasterkariei ongietorria.
- Xoxote:
- 12:30-14:30. Paella, Xoxoteko aterpetxean.