Amaitu dituzte igerileku aurreko eremuko obrak

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 8a

Lanak amaitu dituzte igerilekuaren atarian. (Andoni Elduaien)

Estalpea handitu, espaloi zati bat berritu eta autobus geralekuetako markesinak aldatu dituzte, besteak beste, eremu horretan. Udalak, guztira, 330.000 euro bideratu lan horiek gauzatzeko. Udalak azaldu du lanak eginda eremuak "arnasa" hartu duela.

Amaitu dituzte igerileku aurreko eremua berritzeko lanak. Urtarrilean hasi zituen obrak udalak, eta erakundeak jakinarazi duenez, egin dituzte egin beharreko lan gehienak. Igerileku aurreko parkearen gaineko estalkia handitu dute batetik, eta espaloia berritu, bestetik. Ordea, markesinak ere aldatu dituzte igerilekuaren alboan dauden bi autobus geralekuetan, haiek "zaharkituta" zeudela eta. Guztira, 330.000 euro bideratu ditu udalak eremu horretan gauzatu dituzten obretara.

Lanak amaitu berritan, Nagore Alkorta alkateak eta Joanes Amenabar zinegotziak adierazi dute igerileku aurreko eremuak "arnasa" hartu duela. "Egin den obrari esker, guneak zabaltasuna, erosotasuna eta irisgarritasuna irabazi ditu", adierazi dute. Gune horren "irisgarritasuna hobetu" nahi izan du erakundeak, eta estalpea handitzeaz gain, markesinatik igerilekura arteko espaloi zatia berritu du. Era berean, bizikletentzako aparkalekua lekualdatu eta iturri berri bat jarri dituzte gunean, lehengo ur iturria aldatuta. 

Udalak esan du Sanjuandegi "bizilagun askoko auzoa" dela, eta igerilekuak "mugimendu handia" izan ohi duela. Hain justu, "bi faktore horiek eraginda" egin ditu udalak obrak, igerilekuaren aurreko parkean "herritar asko" biltzen dela jakitun. "Horregatik erabaki zuen udalak bere garaian parkea estaltzea, eta erabaki du orain estalki hori handitzea. Estalitako eremua ia bikoiztu egin dugu. Horrela, eguraldi txarrarekin ere, jolaserako eta egoteko aukera zabalagoa izango dute herritarrek", esan dute alkateak eta zinegotziak. 

Oraingoz, udalak lehendik zegoen jolas parkea eta lehengo jolas elementuak mantendu ditu igerileku aurreko estalpean, baina azaldu du "epe laburrean parke handiago bat" jarriko duela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide