Elikagunearen proiektua azaldu du udalak Bartzelonan

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 9a

Ander LarraƱaga zinegotzia Bartzelonan, Elikagunearen proiektua azaltzen. (Azpeitiko Udala)

Elikadura jasangarriagoa eta gertukoagoa sustatzeko tokiko merkataritzaren eta ekoizleen arteko harremanek duten garrantziari lotutako mahai ingurua egin dute Bartzelonan, eta Ander Larrañaga zinegotziak parte hartu du han. Elikagunearen proiektua oinarri hartuta, azoken biziberritze prozesuan udalak bidelagun nola izan daitezkeen azaldu du. 

Tokiko Merkataritzaren Europako Hiriburu aitortza jaso du Bartzelonak, eta izendapen horren barruan, Europako Tokiko Merkataritzaren Azoka ari dira egiten asteburu honetan. Askotariko jarduerak antolatu dituzte, eta Azpeitiko Elikagunearen esperientziak ere izan du tokia.

Merkataritza txikia, nekazaritzaren eta herritarren arteko lotura izenburupean, tokiko merkataritzaren eta ekoizleen arteko harremanek elikadura jasangarriagoa eta gertukoagoa sustatzeko duten garrantzia lantzeko mahai ingurua egin dute Bartzelonan, eta Ander Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak parte hartu du han. Elikagunearen proiektua oinarri hartuta, azoken biziberritze prozesuan udalak bidelagun nola izan daitezkeen azaldu du. 

Larrañagarekin batera, EcoCordoba elkarteko Alvaro Fuentes-Guerra, Bartzelonako L’Economat Social kooperatibako Marc Montaner eta Idoni-Bon Cor egitasmoko Bruno Lopez izan dira mahai inguruan. Guztiek tokiko merkataritza, ekoizpen gertukoa eta kontsumo jasangarria uztartzen dituzten esperientziak aurkeztu dituzte.

Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa da Azpeitiko Elikagunea, Artxara kooperatibak kudeatzen duena. Interes eta jakin min handia eragiten duen proiektua da; oraingoan, Bartzelonatik etorri da proiektua azaltzeko gonbidapena, baina aldiro-aldiro jasotzen dituzte bisitak Azoka Plazan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide