Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bosgarren aldiak baditu txapeldunak: Domusa Teknik Lana trail taldeko Borja Zubizarreta azkoitiarrak (05.58.58) eta Mayi Mujika elgoibartarrak (07.25.24) astindu dute aurrena helmugako zintzarria. Horrenbestez, bi horiek jantzi dute 2026. urteko txapela, Zubizarretaren Azpeitiko bigarrena –2023. urtean irabazi zuen lehen aldiz–.
Aurkariei tarte zabala aterata lortu dute garaipena biek ala biek; Zubizarreta baino bost minutu geroago sartu da helmugan iaz proba irabazi zuen Julen Calvó kataluniarra (06.03.56) eta zortzi minutu eta erdi eskasera Pello Berrizbeitia eibartarra (Gipuzkoa), iaz bigarren sailkatu zena. Mujikak, berriz, hamalau eta hamazazpi minutu atera dizkie, hurrenez hurren, Abadiñoko (Bizkaia) Ainara Arkarazo bigarrenari (07.39.39) eta Oihana Azkorbebeitia hirugarrenari (07.42.44).
Gizonen lasterketa Mandubitik Samiñora bitartean hautsi da. Murumendiko gailurrera arte (30. kilometroa), Zubizarreta, Calvó, Berrizbeitia eta Mikel Auzmendi ataundarra segundo gutxiren bueltan izan dira. Mandubin (34. kilometroa) Auzmendik atzera egin du apur bat, eta Pere Aurell kataluniarrak aurrea hartu dio hari. Mandubitik Samiñora jo dute korrikalariek, eta orduan hautsi da lasterketa burua. Calvók beste erritmo bat ezarri nahi izan du une horretan, eta aurreko laukotean Zubizarreta bakarrik izan da haren erronkari eusteko gai.
Iazko irabazlea eta azkoitiarra elkarrekin iritsi dira Samiño gainera (43. kilometroa), baina Ikasberrira arteko beheranzko zatian Zubizarretak atzean utzi du hura; Larrume Txikin (48. kilometroa) 30 segundo eskaseko abantaila zuen azkoitiarrak, eta Ikasberrin (54. kilometroa) minutu eta hamabost segundo ingurukoa. Are, Zubizarreta kataluniarra baino indar gehiagorekin iritsi da Xoxote egin beharreko azken igoerara, eta hara bidean ere arerioarekiko tartea zabaltzeko gai izan da. Xoxoteko langan (57. kilometroa) bi minutu eta erdiko errenta zuen azkoitiarrak, eta alde horri eutsi dio gailurrean ere (60. kilometroa). Halaber, Xoxotetik Azpeitiko plazara arteko azken bost kilometroetan errenta bikoiztu egin du Zubizarretak.
Emakumeen arteko lehian, bestalde, Mujikak hasiera-hasieratik hartu du aurrea; lehen postuan igaro ditu kontrol gune eta gailur guztiak. Gaur arte, bigarren eta laugarren postuak lortua zen elgoibartarra Domusa Teknik 40 MLK proban, eta hark gaur erdietsi du aurrenekoz garaipena. Iturburu gainera arte (19. kilometroa) bi minutu eskaseko abantaila eraman du bere alde Mujikak Arkarazorekiko, eta lau minutukoa Azkorbebeitiarekiko. Ordea, lasterketaren ekuatoretik aurrera, bikoizten joan da aldea elgoibartarra; lehenengo, bost minutura luzatu du tartea, eta gero, hamarrera. Ikasberrira iristerako, berriz, aldea hamalau minutukoa zen Mujikaren eta Arkarazoren artean, eta gutxi mugitu da handik amaierara bitartean.
Guztira, 580 korrikalari atera dira irteeratik, horietatik 60 emakumeak. Helmugaratu direnak goizean herriko plazatik abiatu direnak baino gutxiago izan badira ere, gehientsuenek zapaldu dituzte Azpeitia inguruko gailurrak. Azpeitiko, inguruko herrietako, Euskal Herriko eta lasterketa korritzera Euskal Herri kanpotik propio etorritako kirolariak bildu ditu beste urte batez Domusa Teknik 40 MLK-k. Partaide batzuk proba irabaztera atera dira irteera lerrotik, eta beste batzuk ahalik eta denborarik onena egitera. Ordea, guztiek sufritu dute, denek gozatu dute; izan ere, ez da gutxiagorako, aurreko aldietan bezala, gaur ere jende askoren babesa jaso dute-eta mendi lasterkariek proba guztian zehar. Bereziki, herrigunean eta mendi puntetan jaso dute zaleen berotasuna kirolariek.
Kronoak plataforman kontsultatu daitezke probako bi sailkapenak.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta Andoni Elduaien)