Abian da Euskal Herriko Elektrotxaranga Txapelketaren bosgarren edizioa, Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatuta. Atzo, larunbatez, izan zen txapelketaren aurreneko saioa, eta 3indarrok elektrotxarangak girotu zuen Perez Arregi plazatik hasi eta herriko plazara bitartea. Jendetza batu zen musikaz gozatzera eta dantzara.
Orotara, zazpi taldek parte hartuko dute lehiaketan, lau larunbatetan banatuta. Atzokoan talde bakarra aritu zen, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak jokatu zirelako. Gainontzeko hiru larunbatetan, baina, bina taldek parte hartuko dute lehiaketan; lehen taldea 19:00etan irtengo da herriko plazatik Perez Arregi plazara, eta bigarren taldea 20:30ean abiatuko da Perez Arregi plazatik herriko plazara.
Hona hemen datozen larunbatetako elektrotxarangak:
- Maiatzak 16, larunbata. Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla elektrotxarangak.
- Maiatzak 23, larunbata. Sakatu! eta Patxangoi elektrotxarangak.
- Maiatzak 30, larunbata. OstiKda eta Skapaie elektrotxarangak.
Talde guztien emanaldien ondoren, epaimahaiak erabakiko du zein den Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioaren irabazlea. Aurten, gainera, hiru sari banatuko dituzte aurreneko aldiz. Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, elektrotxaranga irabazleak saninazioetan jotzeko aukera izango du.