Lagun Onakek garaipen handia lortu zuen atzo, zapatua, Leioako (Bizkaia) Sarriena futbol zelaian. Leioari 2-3 irabazita, Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatu da Jose Luis Ribera entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldea. Lagun Onakek kasik irabazi beharra zuen liga amaierako kanporaketetara sailkatzea nahi bazuen, eta luzapenean bi golekin partida iraulita, balentria handia lortu zuen.
Oro har, partidaren ekimena Leioarena izan zen lehen zatian, baina Lagun Onakek arrisku gehiago sortu zuen. Gainera, Riberarenek goiz hartu zuten aurrea markagailuan. Jokoan zutenaren jakitun, oso-oso kontzentratuta zelairatu zen taldea, eta 11. minutuan egin zuen gola Unax Odriozolak. Taldea ukitu gutxirekin atera zen kontraerasoan, eta jokoz kanpokoaren muga-mugan iritsi zen hura Leioakoen ate aurrera. Atezainaren aurrean iskin egin zuen Odriozolak, eta ezkerrez egin zuen huts eta batekoa. Gol harekin taldea kanporaketak jokatzeko sailkatua zen, baina Riberarenek ez zuten pauso bakar bat ere atzera eman. Are, handik gutxira bigarren gola egitear izan zen Jon Sorazu. Eskuin hegaleko atzelariaren bizkarrera jokatuta, Sorazuk area zapaldu zuen, baina hark ez zuen atzean bakarrik zegoen Jakes Aranbarri ikusi, eta berak amaitu zuen jokaldia.
Bigarren zatiari ere tinko heldu zion Riberaren taldeak, eta Sorazu huts eta bikoa egitear izan zen. Ezker hegaletik ziztu bizian sartu zen hura arean, eta aurkariak atzean utzita, Leioako atezainaren aurrean azaldu zen hura. Ordea, jaurtiketan baloia atezainari berari bota zion. Jokaldi horren ondotik esnatu zen Leioa; 64. minutuan egin zuten etxekoek gola. Etxeko jokalari bat erdiratzen hasi zen, baina baloiak aterako norabide gaiztoa hartu zuen, eta zuzenean langaren aurka jo zuen; hain justu, aldaratze hura baliatu zuen etxeko jokalari batek buruz banakoaren gola egiteko. Handik minutu gutxira, gainera, lehia irauli zuten Leioakoek. Iker Bastida atezainak egindako penaltia adierazi zuen epaileak, eta etxekoek ez zuten barkatu 11 metrotatik.
Egoera zein zen ikusita, Riberak arriskua hartu zuen, eta goiko lerroko jokalariak zelairatu zituen aulkitik; ezin hobeto atera zitzaion jokaldia. Minutu gutxian, bi sari jaso zituen taldeak. 92. minutuan, Beñat Leizak ezker hegaletik egindako erdiraketa itxi batean etxeko jokalari batek buruaren atzeko aldearekin ukitu zuen erdiraketa urruntzen hasi zenean, eta zuzenean zutoinaren ondotik sareetarako bidea hartu zuen. Binakoarekin ere gertu ikusten zuen garaipena Azpeitiko taldeak, eta amaierara arte hustu zituen jokalariek erraiak. Azkenean, 97 minutuan iritsi zen sari potoloa. Berriz ere ezker hegaletik jokatu zuen taldeak, eta Imanol Alberdik baloia ezkerrez ezin hobeto erdiratuta, Jon Galarzak buruz bikain errematatu zuen taldeari garaipena emateko.
Balentria latza lortu zuen Lagun Onakek Leioan, eta ligako azken hiru puntu horiei esker, mailaz igotzeko kanporaketen bideari ekin ahal izango dio orain. Hirugarren Federazio Mailako euskal taldeek beren artean jokatuko dituzte kanporaketak datozen asteetan. Hori hala, Lagun Onakek Derioren aurka jokatuko du lehen kanporaketa, datorren astean etxean hasita. Joaneko eta itzulerako partidak kontuan hartuta hobea den taldeak lortuko du Leioa-Touring kanporaketako irabazlearen aurka jokatzea. Fase horretako irabazleak Gaztela-Mantxako (Espainia) aurreneko faseko irabazlearekin neurtu beharko ditu indarrak. Aurtengo denboraldian Derioren aurka jokatutako partidetan aurrekari onak ditu Riberaren taldeak: Garmendipen 3-0 irabazi zion Deriori, eta Derion 0-1 nagusitu zen.
Porrota emakumeek
Emakumeen taldeak, berriz, porrot gogorra jaso zuen atzo arratsaldean Donostiako Cesar Benito futbol zelaian. Aitor Zubizarretaren taldeak 7-1 galdu zuen Intxaurdiren aurka. Atsedenaldirako lau gol jaso zituen Lagun Onakek, eta ezinezkoa egin zitzaion handik aurrera baliozko ezer lortzea. Atsedenalditik bueltan, gainera, areagotu egin zuten aldea Donostiakoek. Lagun Onaken gola June Casinak egin zuen, baina gol hark ez zuen etxekoen jarduna eten, eta lehiaren azken minutuetan beste bi gol eginda, festa borobildu zuten etxekoek.
Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez zaizkio gelditzen Zubizarretaren taldeari, eta, hain justu, datorren astean jokatuko du sasoi honetako etxeko azken partida, Oriokoren aurka. Sailkapenaren erdialdean dago kokatuta Lagun Onak eta azken bi jardunaldietan ez du sailkapenarekiko ezer jokoan.