Azpeitiko Zaharrak Berri taldea Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finalaren atarian gelditu da txapelketatik kanpo. Atzo, larunbata, Oñatiko (Gipuzkoa) Gaztelekuan jokatu zuten finalerdiko saioa Leintz-Gatzagako Leintz taldearen aurka, eta azken horiek lortu zuten finalera sailkatzea.
Leire Ostolazak, Beñat Lizasok eta Jokin Urangak osatu zuten Azpeitiko taldea –Haritz Etxeberria Ministro-k ez zuen kantatu–, eta Leintz-Gatzagakoa, berriz, Oihana Aranak, Haizea Aranak eta Ane Zuazubiskarrek. Leintz-Gatzagako taldeak, guztira, hamabost puntu batu zituen atzoko saioan egindako ariketa desberdinetan, eta Azpeitikoak, hamabi. Finalerdi estua jokatu zuten bi herriek, baina, azkenean, Leintz sailkatu zen maiatzaren 30ean, larunbatez, Aiako Probalekuan jokatuko duten finalera.
Bigarren finalerdia, berriz, Tolosan izango da hilaren 16an, zapatua, eta Zumarraga-Urretxu 1 eta Txingudi A taldeak ariko dira nor baino nor gehiago, 18:00etatik aurrera, Bonberenea gaztetxean.
