Hasi da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Futbito Txapelketa. Urte luzeko ohiturari jarraituta, maiatzarekin batera ekin diote sariketari Betharrametako jolastokian, eta uztailean borobilduko dute sariketa. Eguraldiak askorik lagunduko ez zuela zirudien arren, ateri eutsi du aurtengo aurreneko bi partidetarako.
Guztira, hemezortzi taldek parte hartu dute txapelketan, eta ohi bezala, bi taldetan banatuta lehiatuko dira. A taldean ariko dira honako bederatzi taldeak: Atzekuk Pagatzeik, Bi Zurito Faborez, Hankamotza, Mentxe Senperue, Ende Gelande, Zambombazo, Sarraski, Ekc eta Pintxo United. B taldean, berriz, Txanpai Fuola, Betigazte, Mutilkoskorrak, Txabaliyuek, Sotanita, Parrake, Patxangeruek, Nothingan Miedo eta Satar Jator FC ariko dira nor baino nor. Finalaurrekoak bitarte, zortzi jardunaldi egingo dituzte.
Kopako eta ligako finalak uztailaren 17an jokatuko dituzte Azpeitiko plazan, Gaztetxearen 21. urteurreneko ekintzen barruan. Azken urteetan bezala, festa giroan egingo dituzte partidak, baina lehiari iskin egin gabe. Kopako finala 20:00etan hasiko da, eta ligakoa 21:00etan.
Aurten, errepresioaren aurkako aldarria izango dute erdigunean sariketan zehar, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformarekin elkartasunean. Hain zuzen, joan zen urteko Gaztetxearen urteurrenaren bueltako liskarren harira ikertutako 23 gazteei babesa adierazteko eta Voxen aurka egiteagatik epaitutako 20 herritarrei elkartasuna adierazteko probestuko dute txapelketa.