Garmendi auzoan umeentzako parke berria jartzen hasi berri da Azpeitiko Udala. Auzo horretako bizilagunen eskaerei erantzunez, jolaserako elementuak jarriko ditu erakundeak 7. eta 12. zenbakidun etxe atarien artean. Garra enpresa ari da parkea egiten, eta atzo ekin zieten lanei. Udalak azaldu duenez, egun gutxi barru izango da erabilgarri.
12 urtera arteko umeentzako jolas eremua egokituko dute Garmendi auzoan. 60 metro koadro inguruko espazioan, besteak beste, bi txirrista txiki, habia motako kulunka bat eta malguki jolasa jarriko dituzte. Gainera, aurrez han kokatuta zegoen ping-pong mahaia ere hantxe jarriko dute atzera.
Behin Garmendi auzoko parkearen lanak bukatuta, Urbitarte auzokoa berritzen hasiko da udala. Gaur egun Urbitarten dagoen parkea guztiz eraberrituko dute. Udalak azaldu duenez, Garmendiko eta Urbitarteko parkeak dira 2026an berrituko dituen biak. Dena den, erakundeak gogorarazi du parke ugari daudela herrian eta horietan aldiro egiten dituela konponketak nahiz hobekuntza lanak.