2026tik 2029ra bitartean Sanjuandegiko festetan nahiz santio eta saninazioetan barrakak eta elikadura postuak jartzeko eremu publikoak okupatzeko baimenen lizitazioa abiatu du Azpeitiko Udalak. Maiatzaren 18ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proiektuak.
Lau urterako esleitu ohi du udalak eremu horiek okupatzeko baimena. Lizitazioa bi sortatan banatu du; batetik, Betharrameko eremua, santio eta saninazio jaietarako, eta bestetik, Euskal Herria auzoko eremua, Sanjuandegiko festetarako. Aurrenekoan, barrakak eta postuak jartzeko baimenaren urteko gutxieneko kanona 4.475 eurokoa izango da, aldiz, Euskal Herria auzoko eremuaren gutxieneko kanona urtean 1.225 eurokoa.
Esleitutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.
Interesa dutenek eremu baterako edo bietarako aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak. Proposamenak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: modu elektronikoan, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez, edo aurrez aurre, gutun azal itxian, Azpeitiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Halaber, eremu bakoitzeko eskaintza gutun azal independente batean aurkeztu beharko da. Ez dira onartuko udal erregistro elektroniko bidez aurkeztutako eskaerak.
Lizitazioaren baldintza eta dokumentazio osoa Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman dago ikusgai.