Iraurgi Berritzenek sustatuta, Elkarrekin eraikitzen egitasmoa osatu dute eskualdeko bost ikastetxek: Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta Azkoitia BHIk, eta Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoak, Iraurgi ikastetxeak eta Ikasberri ikastolak. Besteak beste, industria, ekintzailetza, turismo eta gizarte zerbitzu arloetako kasu ezberdinak landu dituzte ikasturtean zehar, eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutuz. Guztira 242 ikaslek parte hartu dute egitasmoan, 65 lantaldetan banatuta, eta baita 31 eragile sozioekonomikok ere.
Egitasmoaren amaiera ekitaldia izan da gaur Azkoitiko Elkargunean, eta bertan, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte. Ekitaldian izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta eragile ordezkariak ere, eta ikasleek landu dituzten proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Ikasleek egin dituzten proiektuak aurkeztu ostean, mahaingurua egin dute prozesuan zehar izandako esperientziak trukatzeko eta balorazio bat egiteko.