Ander Larrañaga eta Xabier Etxeberria: "Sarek antolatutako azken Etxera Eguna da aurtengoa"

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 13a

Ander Larrañaga eta Xabier Etxeberria Azpeitiko Sareko kideak. (Nerea Uranga)

Gaur egungo egoerari erreparatu eta aurrera begira jarri da Azpeitiko Sare. Preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko eguna azkenekoz egingo da larunbatean, maiatzaren 16an, betiko tankeran. Etxera Egunerako antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak Ander Larrañaga eta Xabier Etxeberria Azpeitiko Sareko kideek.

Larunbatean, maiatzaren 16an, egingo da 26. urtez Azpeitian euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko eguna; azken urteetan, Etxera Eguna. Antzeko moldean egingo duten azkenengo aldia izango da, Azpeitiko Sarek antolatuta. Ander Larrañaga (Azpeitia, 1996) eta Xabier Etxeberria (Azpeitia, 1975) Sare dinamikako kide dira, eta herritarrak Etxera Egunean parte hartzera animatu dituzte.

Etxera Egunaren 26. aldia eta azkena izango dela aurreratu duzue. Zein da antolatzeari uzteko arrazoia?

Ander Larrañaga: Galdera honi erantzuteko atzera begiratu beharra dago; hau da, orain arte egindako ibilbideari. Azken 26 urteetan Elkartasun Eguna, Herrira Eguna eta Etxera Eguna antolatu izan dira. Hau guztia hasi zenean, orain dela 26 urte, beste testuinguru bat zegoen herrian: Azpeitian hamar preso baino gehiago zeuden, eta era xume batean, presoen eskubideen aldeko sentsibilizazio egun bat antolatzen hasi ziren. Egun horrez gainera, presoei lotuta beste ekitaldi ugari ere antolatu izan dira: saninazioetako eta Gabonetako ekintzak, mobilizazioak, azken ostiraletako elkarretaratzeak... Azken 50 urteetan ez bezala, gaur da eguna Azpeitia presorik gabeko herri bat dena; Gotzon Aranburuk kontrol telematiko bidezko hirugarren gradua du, eta ez du espetxera joan beharrik gaur egun. Egoera aztertuta eta azken urteetan gatazkak izan duen eboluzioa kontuan hartuta, bai nazio mailan eta bai herri mailan, erabaki da pixkanaka moldatzen joatea Etxera Egunaren tankerako egunak.

Xabier Etxeberria: Egoera eta gizartea aldatzen ari diren neurrian eta gatazkaren konponbidea aurrera doan heinean, gure ekimenek ere aldatzen joan behar dute. Azkenengo 50 urteetan beti gauzatu dira presoen aldeko dinamikak herrian, beti egon izan delako presoren, iheslariren edo deportaturen bat Azpeitian. Nahiz eta presoen aldeko egun hori 2000. urtean antolatzen hasi, aurreko hamarkadetan ere beti egon ziren dinamikak martxan. Hainbeste urteren ondoren, presorik gabeko herria da gurea, eta Euskal Herrian herri dezente daude egoera berean. Horrek egoera aztertu eta aurrera begira jartzea eskatzen du.

Aurtengo Etxera Eguna prestatzearekin batera, hausnarketarako tartea ere hartu duzue, ezta hala?

X.E.: Egoera aztertzeko bilerak egin ditugu, eta aurrera begira jarri gara. Norabide berri bat zehaztu behar dugula erabaki dugu, ezin dugulako orain dela 30 urteko eskemetan jarraitu.

A.L.: Lanketa baten ondoren egindako hautua izan da, eta ez dugu geure kasa erabaki, Euskal Herriko beste hainbat herritan hartuko den erabakia ere bada. Azpeitian azkenengo sei hilabeteetan gaia landu da, ezker abertzalekoon artean hainbat saio eginez, baita ezker abertzalekoak ez diren ingurukoekin bilduz ere.

X.E.: Sarek antolatutako azkenengo Etxera Eguna izango da aurtengoa, baina egindako saioetan erabaki da maiatzaren hirugarren asteburuko data gorde egingo dela, beste lan ildo batzuk ere jorratzeko. Oraindik zehaztu gabe dago, ordea, zer-nolako egitasmoa izango den. Gaur egungo egoerak berak eskatzen du moldatzea, batik bat belaunaldi berriei begira.

Hala ere, aurtengo Etxera Eguneko egitarauan berrikuntzak gehitu dituzue.

A.L.: Urtero nahi izan da egitarauan berrikuntzak gehitzea. Aurten, besteak beste, herri kirol erronka antolatu dugu eta ardi moztaileak ere etorriko dira. Kirol ekitaldiaren aurretik, gainera, erraldoiekin kalejira prestatu dugu, egunaren formatu aldaketari bide emanez, nolabait.

X.E.: Beti nahi izan da adin nahiz arlo askotako herritarrak bilduko dituen egun bat izatea: umeak, gazteak, helduak, jubilatuak, kalekumeak, baserritarrak, kirolariak…

Etxera Egunak lortu al ditu nahi bezalako helburuak?

A.L.: Etxera Egunak beti uztartu ditu festa eta aldarrikapena, eta helburu nagusia izan da preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde herritarrak sentsibilizatzea; jendea kontziente izan zedin urtez urte zer-nolako gatazka zegoen eta gatazka horrek Euskal Herrian zer egoera eragiten zuen. Helburu hori lortu dela esango nuke.

X.E.: Preso, iheslari eta deportatuen egoera gizarteratzeko lan egin da, eta ezker abertzaletik kanpoko jendea gaiarekin sentsibilizatzea ere lortu dela uste dut.

Gaur egun zein da Azpeitiko Sareren dinamika? Jarraituko al du?

A.L.: Dinamika eredua aldatuko du Sarek, baina oraindik lan asko dago egiteko, kaleratzen dituzten presoei laguntzeko eta haien bergizarteratzea gauzatzeko. Hemendik aurrera, Harrera elkarteak zeregin handiagoa izango du, eta Azpeitiko Sarek hasita duen aurrera begirako lanketarekin jarraituko du.

X.E.: Preso eta iheslari denak etxean egon arte izango du zer egin Sare dinamikak. Aurrerago memoria eta dokumentazio lana egiteko asmoa dago, gatazkak, azkenean, presoen inguruan mugimendu eta jende askoren inplikazioa eragin duelako. Gure helburua Sare desagertzea da, presorik eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren seinale izango litzatekeelako. Horrek izan behar du aurrera begirako norabidea.

Etxera Eguna. Maiatzak 16, larunbata:

12:00. Erraldoien kalejira, plazatik irtenda. Pasaia, Elgoibar eta Azpeitiko erraldoiak.

12:30. Etxera Erronka, plazan. Ardi moztaileak, harri jasotzaileak eta aizkolariak.

14:30. Herri bazkaria, Azoka Plazan. Txartelak ohiko tokietan salgai.

16:30. Umeen gunea, plazan. Diskopuntx antzezlana.

18:30. Elkarretaratzea, Ezin da gehiago luzatu, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera lelo hartuta, plazan.

21:30. Kontzertuak: Eraldatzen, Puntapaxak, Trikidantz eta Azax. Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide