Tren historikoetan bidaia bereziak antolatu ditu Burdinbidearen Euskal Museoak iganderako

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 13a

Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du Burdinbidearen Euskal Museoak, Azpeitiko museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean hiru bidaia berezi eginez. Garai bateko tren historikoetan egingo dituzte irteera horiek, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. 

Museoen Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 18an, eta egun hori ospatuko du Burdinbidearen Euskal Museoak bezperan, hau da, igande honetan. Tren historikoak izango dira eguneko protagonista nagusiak; izan ere, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan, tren historikoetan bidaia bereziak egingo dituzte Azpeitiko museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean. 

Aurreneko ibilbidea, 11:00etakoa, Alsthom 1004 diesel trakzioko tren makinak egingo du. Tarben (Okzitania) eraiki zuten 1965ean, eta Euskal-Asturiar Trenbideen Konpainiarena izan zen. 

12:00etan eta 13:00etan, berriz, lurrun tren historikoek egingo dute irteera, Euzkadi eta Zugastieta tren makinek trakzionatuta. Euzkadi Kraussek eraiki zuen Alemanian, 1920an. Zugastieta, aldiz, Amorebieta-Gernika burdinbiderako eraiki zuen Sharp Stewartek, Eskozian, 1888an. 

Horrez gain, Graftonek Babcock & Wilcox enpresarentzat 1920an egindako lurrun garabia ere abiaraziko dute. Garabi horrek merkataritza zerbitzua eskaini zuen enpresa horretan 1997 arte. Hortaz, salgaiak garraiatzeko Espainian erabili zen lurrunezko azken trakzio ibilgailua izan zen.

Bestalde, Museoaren Egunari lotuta erakusketa berri bat ere jarriko dute; Espinal  lurrunezko tren makina egongo da ikusgai, Robert Stephenson ingeniariak 1887an eraiki zuena.

Burdinbidearen Euskal Museotik gogorarazi dute, halaber, larunbatean, hilaren 16an, lurrun trenaren ohiko irteerak egingo dituztela, denboraldirako aurreikusita dituztenak. 12:00etan eta 17:30ean izango dira zapatuko bidaiak. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide