LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 17a, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko eguna, eta data horren ingurumarian, LGTBI mugimendua saretzeko eta izu kolektiboari aurre egiteko ekintzak antolatu dituzte Azpeitian. Hain zuzen ere, Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra emango dute ostiralean, maiatzaren 15ean, Sanagustin kulturgunean. Emakumeen Txokoak, Azpeitiko Udalak, Astindu Armayuek kolektiboak eta Eihera kooperatibak antolatu dute saioa.
Duela bi urte, Azpeitiko Udalaren ekimenez, herriko LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa egin zuen Eihera kooperatibak, eta harekin batera ekintza plan bat ere osatu zuen. Prozesu hartan atera zen ondorioetako bat honako hau izan zen: memoria eta erreparazioa lantzen jarraitzeko beharra zegoela, urte luzez isilarazi edo ikusgarritasunik gabe egon diren bizipenei aitortza egin eta tokia emateko.
Diagnostiko haren ondoren, iazko urrian, LGTBIQ+ jardunaldiak egin ziren Azpeitian, Kontuan hartzeko kontatua izenburupean, hausnarketarako eta elkargunerako espazioak sortzeko helburuarekin. Aurten, berriz, beste urrats bat egin da norabide berean, eta horren emaitza da Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra.
Herriko lekukotzak, pantaila handira
Ikus-entzunezko horrek hainbat lekukotza jasotzen ditu, herriko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, memoriak eta esperientziak bilduz. Dokumentalaren bidez, ahots horiek erdigunean jarri nahi izan dituzte, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko eta erreparazioan sakontzeko. Hain zuzen ere, sentsibilizazioa lantzeko erabili nahi dute dokumentala, besteak beste, herriko ikastetxeetan.
Lana ikusteko lehen aukera ostiral honetan izango da, Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Azpeitiko LGTBIQ+ diagnostikoa bezala, dokumentala ere Eihera kooperatibak egin du. Proiekzioaren ondoren, galderak egiteko aukera ere egongo da.
Ostiral arratsaldeari amaiera emateko, 19:00etan, DJ emanaldia izango da. Jabetze eskoletako DJ tailerrean parte hartu dutenek jarriko dute musika. Aurten, lehen aldiz antolatu dituzte LGTBIQ+ pertsonentzako Jabetze Eskolak, eta horien barruan eskaini duten tailerretako bat izan da DJ tailerra.