Xarabe ikastaroa egingo dute larunbatean, maiatzak 16, Azpeitiko Ekoetxean, 10:30etik 12:30era. Esperientzia horretan, norbere gorputzean erabiltzen diren produktuek osasunean eta ingurumenean nola eragiten duten ikasiko dute parte hartzaileek. Horren aurrean, aldaketarako beharrezkoak diren alternatiba naturalak zeintzuk diren ere landuko dute saioan, baita xarabea prestatzen ikasi ere.
Antolatzaileen arabera, norbere eta ingurumenaren osasuna zaintzen dira jatorri naturaleko produktuak erabiliz gero. Larunbateko saioan, merkatuko xarabeen baliokide osasungarria egiten ikasiko dute parte hartzaileek, Garbiñe Larrearen eskutik. Ohikoak diren gaitzei aurre egiteko tailer praktikoa izango da. "Ez galdu aukera, elkarrekin modu osasuntsu eta jasangarriagoan bizitzen ikasiko dugu, gure gorputzetik kimikoak aldendu eta erremedio naturalak txertatzen ikasiz", adierazi dute antolatzaileek.
Ikastaroan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Lotura honetan eman daiteke izena.