Ikasketaz Ingeniari Tekniko Industriala da Nerea Aldai (Azpeitia, 1983). Azkoitiko Sidenorren lan egin zuen 2007tik 2025era; azken urteetan, mantenimendu mekanikoko arduradun gisa. Azpeitiko Udalean EAJren zinegotzia da, eta iaztik, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaria. Maiatzean urtebete egin du kargu horretan.
2025az geroztik, Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaria zara. Ordura arte, Azpeitiko Udalean zinegotzi zinen, baina sekula aurrez Jaurlaritzan aritu gabea zinen. Espero al zenuen proposamen hori jasotzea?
Egia esan, ez nuen espero. Sorpresaz hartu nuen gonbidapena, baina proposamena jasotzean, pentsatu nuen probatu beharreko esperientzia zela, eta nahiko garbi izan nuen baiezkoa emango nuela.
Bingen Zupiriak zuzentzen duen Segurtasun sailaren barruan kokatzen da zuk gidatzen duzun zuzendaritza. Zer eginkizun betetzen du zure zuzendaritzak gizartearen segurtasuna bermatzerakoan?
Gure zuzendaritzari dagokio, alde batetik, ausazko jokoen inguruko politika publikoak egitea eta jokoaren behatoki gisa jardutea Euskadin. Guri dagokigu jokoaren sektorean erantzukizun soziala sustatzea, joko arduratsua bermatzeko sentsibilizazio kanpaina publikoak egitea. Ikuskizunen alorrari dagokionez, berriz, ikuskizun publikoen eta jolas jardueren inguruko politika publikoak egitea dagokigu. Establezimendu katalogoan sartzen diren eta 700 lagunetik gorako aforoa daukaten lokaletan, ikuskizunetarako baimenak ematen ditugu, eta txostenak, homologazioak eta zehapenak egiten ditugu. Era berean, zuzendaritza honetatik baimentzen dira su artifizialen ikuskizunak eta zezen ikuskizun tradizionalak eta orokorrak. Horrez gain, kirolean gertatzen diren eta estatuko legea urratzen duten indarkeriari, arrazakeriari edo intolerantziari lotutako arau hausteei ere guk ezartzen dizkiegu zigorrak. Ikuskapenaz eta kontrolaz Ertzaintzaren barruko joko eta ikuskizunen unitatea arduratzen da; hori gure zuzendaritzari atxikita dago.
Helburu horiek lortzeko bidean parte hartzen duten eragile guztiak koordinatzeaz arduratzen naiz ni: jokoaren arlokoak, hirugarren sektorekoak, kirol klubetakoak, ekitaldien antolatzaileak, udalak, aldundiak... Harremanak izateaz eta zubi lana egiteaz arduratzen naiz.
Jokoaren eta ikuskizunen alorrak independenteak dira, beraz?
Eusko Jaurlaritzak bi arloak zuzendaritza berean sartuta dauzka, baina beste komunitate askotan ez da horrela. Dena den, aparte lantzen diren bi arlo dira jokoarena eta ikuskizunena gure zuzendaritzaren barruan.
Zezen ikuskizun tradizionalak esaten duzunean, zertaz ari zara?
Zezen ikuskizun tradizionalak dira sokamuturra, entzierroak... Zezenketa orokorrak, bestalde, zezenketak dira. Horiek denak ere arlo honetatik kudeatzen dira; tradizionalak lurralde bulegoetatik, eta zezenketak zuzendaritzatik, baina denak departamentu beretik.
Non dago zure lanpostua?
Lakuan [Gasteiz]; Joko eta Ikuskizun zuzendaritza han dago kokatuta. Egunero hara joaten naiz. Dena den, zuzendaritza honek lurralde historiko bakoitzean bere bulegoa dauka: Donostian, Bilbon eta Lakuan daude. Bulego guztiak elkarren osagarri dira. Dezente mugitzen naiz bulego horietara: bilerak, kongresuak... tarteko.
Salto handia izango da udaletik Jaurlaritzara igarotzea, ezta?
Aldaketa handia izan da, bai. Toki administrazioa pixka bat ezagutzen nuen aurretik, udalean zinegotzi izan naizelako. 2007-2015 urteen artean izan nintzen udalean; gero, bi agintaldi egin nituen kanpoan, eta orain, azken agintaldi honetan ere zinegotzi naiz EAJrekin. Tokiko administrazioa pixka bat ezagutu arren, beti arlo pribatuan lan egin izan dut orain arte. Aldaketa handia izan da, baina pixka bat ohitu naiz; maiatzaren 14an urtebete egin dut kargu honetan.
Jokoaren jarduera arau argi eta gardenen bidez sustatzea da zure zuzendaritzaren egitekoetako bat. Nola ulertzen duzue jokoa zuen departamentuan?
Jokoaren sektorea euskal egitura ekonomikoaren zatitzat hartzen da; jokoaren 1991ko legeak hala definitzen du. Administrazioak horretan esku hartzeko ahalmena dauka, eta esku hartu behar du; jokoa planifikatu eta kontrolatu egin behar du. Horretarako, joko jardueraren eskaintzan oreka bat lortu behar da; erabiltzaileak lehenetsi behar ditugu, gizarte errealitate bat errespetatu behar dugu, eta azpisektore bakoitzaren kontrolik gabeko garapenari ere mugak jarri behar zaizkio. Guri dagokigu sentsibilizazioa sustatzea, joko arduratsua bermatzeko; eta horretarako, jokoak herritarren portaeran daukan eraginari buruz ikerketa sustatzen dugu, batez ere, adin txikikoen eta mendekotasun egoeran daudenen portaera kontrolatzeko. 2016ko araudian, 1991ko legea xehatu zen, eta bertan definitzen da joko arduratsua; besteak beste, honako printzipio hauetan oinarrituta dago: jokoa aisi modu bat da, jokoa gizarte jarduera bat da, jokoak mendekotasuna sorraraz dezake, eta jokoa ez da bizimodua irabazteko bitarteko bat. Gobernu gisa, printzipio horiek kontuan izanda, jarraipen zuzena egiten diogu jokoaren munduari.
Zure departamentuari al dagokio apustu etxeen jarduera arautzea? Izan ere, 2018an Azpeitian apustu etxea zabaldu zuten, eta Elkar-ekin taldea eta beste hainbat herritar horren kontra azaldu ziren, horrek ekar zitzakeen arriskuez ohartaraziz. Halako guneek ekartzen dituzten onurak eta kalteak neurtzea zuen egitekoa al da?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren gaineko eskumena gurea da. Gizartearen argazkia osatzeko azterketak egiten ditugu etengabe, eta datu horiek kontuan hartuta jartzen dizkiogu mugak gero jokoaren arloari. Hori da lehen aipatu dudan jokoaren planifikazioa. Azken finean, jokoa planifikatzen dugunean, mugak jartzen dizkiogu joko horri; gauza batzuk eragozteko neurriak hartzen dira. Ordena publikoa bermatu behar dugu, iruzurraren aurka egin behar dugu, mendekotasuna sortzen duten jokabideak saihestu behar ditugu, kontsumitzaileen eskubideak babestu behar ditugu, eta batez ere, adin txikikoen eta kolektibo zaurgarrien eskubideak babestu behar ditugu. Printzipio horiek kontuan hartuz, baimenak, makinak, joko sistemak, baimendutako lokalen arteko distantzia eta gehienezko edukieraren kopuruak mugatzen ditugu.
Azpeitiko apustu etxea ikastetxeetatik arauak baimentzen duena baino gertuago dagoela salatu izan du Elkar-ekinek. Izan ere, legearen arabera, ezin da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metro baino gutxiagora. Azpeitiko apustu etxeak ez du betetzen distantzia hori.
Aipatu dudan plangintza hori eguneratzen joaten gara. 2016an egin zen 1991ko legearen dekretua, eta 2022an eguneratu zen. Azpeitiko joko aretoa 2018an ireki zuten, eta 2016ko EAEko planifikazioan jaso zen joko lokalen arteko distantziak zenbatekoa izan behar zuen, baina 2022ra arte ez zen jaso joko lokalen eta ikastetxeen arteko distantziaren zenbatekoa. Orduan definitu zen 150 metroko distantzia hori, eta dekretu horrek jaso zuen ordura arte irekitako lokalak zeuden lekuan mantentzea. Muga hori bezain garrantzitsua izan zen 2022an indarrean jarri zen beste neurri bat: joko lokal guztietan sarbidea kontrolatzen da ordutik. Orain, joko lokal batera sartzeko erregistratuta egon behar duzu nortasun agiriarekin, eta erregistratzen zarenean egiaztatzen dute zein den zure adina eta jokora autodebekatuta zauden ala ez.
Zer da jokora autodebekatuta egotea?
Adibidez, jokatzen hasten zara, eta ohartzen zara zuri horrek kalte bakarrik egiten dizula. Egoera horren aurrean, joko eta ikuskizunen bulegoetara edo ertzain etxera jo dezakezu, edo telematikoki egin dezakezu eskaera bat, eta horren bidez, jokatzeko autodebekua ezartzen diozu zeure buruari, aurrez aurreko eta Interneteko jokoan. Autodebeku hori gutxienez sei hilabetekoa da, eta sei hilabetera baja ematen ez baduzu, bizitza guztirako izan daiteke. Gaur egun, edozein joko lokaletara joaten zarenean eta sarrerako kontrola pasatzean, egiaztatzen dute autodebekatuta zauden ala ez. Hala bada, ez dizute uzten sartzen. Hori oso neurri eraginkorra izan zen, mendekotasuna baduzu eta autodebekatuta bazaude ez dizutelako uzten sartzen, eta adin txikikoa bazara ere ez. 2022tik derrigorrezkoa da Espainiako Estatuko joko lokal denetan neurri horiek aplikatzea.
Ikuskizunak segurtasun neurri guztiak betez egiten direla bermatzea ere zuen ardura da. Azken boladan, gorabeherak izan dira zezen ikuskizunei lotuta. Jaurlaritzaren lege bat tarteko, bazirudien inauterietan ez zela sokamuturrik izango Azpeitian, baina, azkenean, lortu zen horretarako baimena. Neurri egokia izan al zen?
Animalietan dermatosi nodularraren gaitza azaldu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Abeltzaintza sailak animalia horien mugimendua debekatu egin zuen. Debeku horrek ekarri zuen, besteak beste, sokamuturra ezin egitea. Gero, txertaketa kanpaina abian jarri zen, eta animalien eta horien garraiorako erabiltzen diren elementuen higienea bermatuta, ikuskizun horiek baimendu zituen Abeltzaintza sailak. Hori horrela, aukera izan genuen inauterietako sokamuturra baimentzeko. Neurri egokia izan zen, neurri prebentiboak ezarrita zeudelako.
Abenduan Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu zuen lege proposamen bat. Hain zuzen ere, sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak arautzeko, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu zuten proposamena. 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak arautu gabe daude, eta horiek arautzea da asmoa. Zer jasoko luke lege horrek?
2022ko animalien ongizatearen legeak debekatu egin zituen araudi propiorik ez zuten animaliekin egindako ikuskizunak. Horrela, adin txikikoentzako zezen txikien ikuskizunak debekatuta gelditu ziren, eta horiek antolatzeari utzi zioten. Horren harira, eta herri izaerako zezenketek tradizio handia zutela ikusita, hemezortzi hilabetetik beherako zezenekin eta 16 urtetik beherako adin txikikoekin egingo diren ikuskizunak arautuko zituen lege proposamena aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk parlamentuan. Lege proposamen horretan, hiru oinarri hartzen dira kontuan: parte hartzaileen segurtasun osoa bermatzea, animalien ongizatea, eta haurren eta gazteen babesa. Hiru oinarri horiek kontuan hartuta, irudikatu da marko bat non ospakizun horiek segurtasun berme guztiekin egingo diren. 14 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta parte hartu beharko lukete, eta 14-16 urte bitartekoek gurasoen baimen bat beharko lukete. Gaur-gaurkoz, parlamentuan tramitatzen ari dira lege hori. Asmoa zen uda honetarako onartzea, baina ez dut uste iritsiko garenik.
"Iaz kirolaren arloko indarkeriari lotutako 200 kasutik gora tramitatu genituen; gehienak futbolean gertatutako erasoak ziren"
Kirolean indarkeriari, arrazakeriari eta intolerantziari lotuta izaten diren arau hausteengatik zigorrak jartzea ere Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzaren egitekoa da. Azkenaldian halako gertaera ugari salatu dituzte. Zer egiten duzue horren aurrean?
Zoritxarrez, egunero izaten da horrelako kasuren bat. Eta, gainera, kirolaren maila guztietan izaten dira kasuak, bai infantil, kimu, erregional, edo Hirugarren, Bigarren edo Lehen Mailako praktikan. Espainiako kirol federazioek antolatzen dituzten lehiaketetako arau hausteak zigortzen ditu gure zuzendaritzak, estatuko kirol lehiaketa ofizialetakoak; eskola kirolekoak-eta ez dira gure eskumenekoak. Iaz berrehundik gora kasu tramitatu genituen; horietako gehienak futbolean gertatutako erasoak ziren, Lehen Mailako ligakoak asko. Madrilgo komisiotik zehapen proposamenak bidaltzen dizkigute, eta guk horiek tramitatzeko betebeharra daukagu.
Zer neurri hartzen dira halakoen aurrean?
Erasoaren mailaren arabera, ezberdinak izaten dira zigorrak: arina, larria edo oso larria izan daiteke erasoa. Zigor ekonomikoak ezar daitezke, edo bestela, kirol ikuskizunetara joateko debekua, Espainiako Estatu osoan. Guk zigor administratiboak ezartzen ditugu; salaketaren bat jartzen den kasuetan, berriz, epaileak hartzen du erabakia.
Erasoen egilea nor izan den jakitea ez da hain erraza izango, ezta?
Sinesgaitza da nolako segurtasun neurriak dauden halako kirol praktikak izaten diren eraikuntzetan: kamerak... Askotan jakiten da zein izan diren erasoaren egileak, sekulako segurtasun neurriak daudelako.
Sidenorren lan egin zenuen 2007tik 2025era. Gaur egun, gatazka betean daude han. Nola ikusten duzu kanpotik egoera?
Kezka handiz jarraitzen dut gertatzen ari dena. Urte asko pasatu ditut han, eta oraindik lotura handia daukat enpresarekin. Altzairu bereziaren sektorea beti izan da oso merkatu ziklikoa, baina, orain, lehen baino motzagoak eta gorabehera handiagokoak dira zikloak. Horri munduaren egoera gehitu behar zaio: gerrak, arantzelak... Ziurgabetasun handia dago sektorean, Txinatik produktua erdi prezioan iristen da, eta horrekin lehiatzea gero eta zailagoa da. Gainera, asko automobilgintzarako ekoizten du Sidenorrek, eta erregaiaren kontua nola dagoen ikusita... Horrek guztiak neurri gogorrak hartzera bultzatu du enpresa.
Azpeitiko Udalean EAJren zinegotzia ere bazara. Garrantzitsua iruditzen al zaizu udaleko ardurari eustea?
Jaurlaritzan zuzendari postua hartu nuenean, ardura horrek zinegotzi karguarekin bateraezintasunik ez zuela esan zidaten. Orduan, hasitako agintaldia behintzat bukatzea erabaki nuen, Azpeitiko Udaleko EAJren taldean oso gustura nagoelako eta lan ona egiten ari garelako.
Inportantea al da zuretzat herrigintzan lan egitea?
Oso aberasgarria da herrigintzan aritzea; lan asko egin behar da, baina asko ikasten da. Dena beste perspektiba batetik ikusteko aukera ematen du politikagintzan aritzeak, eta uste dut herritar orok bizitzan denboraldi batez probatu beharreko eginkizun bat dela, agian gauza askori buruz ezberdin pentsatuko genukeelako. Herri honen alde nire hondar alea jartzea garrantzitsua iruditzen zait. Horretan jarraitzeko asmoa daukat.
Aldai, Lakuako bere bulegoan. (Eusko Jaurlaritza)