Euskal Herriko Itzulia jokatuko dute bihar hasi eta igandea bitartean. Bihar, ostirala, lehen etapa jokatuko dute txirrindulariek, ibilbidea Zarautzen hasi eta bukatuta. Tropela 10:00etan aterako da Zarauztik, eta kostako errepidea hartuko du, Getariatik, Zumaiatik eta Arroabetik Itziarko bidea hartuz. Azkoititik igarota iritsiko dira Itzuliako txirrindulariak Loiolara (11:42).
Loiolatik Azpeitia zeharkatu eta Landetatik Urrestillarako (11:50) bidea hartuko dute txirrrindulariek, eta Urrestillatik Nuarbera (11:54) joango dira, gero Beizamarako (12:02) bidea hartzeko. Segidan, Santa Agedatik (12:06), Bidania-Goiatzetik (12:15), Errezildik (12:24) eta Etumetatik (12:35) igaroko dira, Aizarnara (12:46) jaitsi, eta Garate (13:08) igoko dute, handik Getariara (13:13) jaitsi eta kostako errepidetik Zarauzko helmugara (13:30) joateko.
Trafikoan eragina
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak azaldu duenez, 30 minutuko trafiko etenak egingo dituzte txirrindulariak igaroko diren toki guztietan, eta zirkulazioa lehenera itzuliko da bandera berdeekin identifikatutako Ertzaintzaren motozikleta igarotzean.
Trafiko zuzendaritzaren arabera, eragin handienak biharko etapan puntu hauetan izango dira, eskualdean:
- GI-631 errepidean, Azpeitia eta GI-2635 artean, 11:00etatik aurrera.
- GI-2635 errepidean, Azpeitia eta Beizamako bidegurutzearen artean, 11:15etik aurrera.
- GI-3720 errepidean, Beizama eta GI-2634 artean, 11:20tik aurrera.