"Bertsoarekin gozatzeko aukera izan da Gaztetxeak Bertsotan; benetan eroso sentitzeko plaza"

Maialen Etxaniz 2026ko maiatzaren 15a

Suhar Gesalaga eta Irati Martinez bertsolariak, Gaztetxeak Bertsotan egitasmoko kideak. (Maialen Etxaniz)

Bihar jokatuko dute Gaztetxeak Bertsotan sariketaren finala Azkoitiko Gaztetxean. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Finalean ariko den bertsolarietako bat da Suhar Gesalaga azpeitiarra, eta hitzorduaren atarian gogotsu dagoela adierazi du. Azkoitiko Gaztetxean abesteak "zirrara berezia" eragiten dio, gertutik jarraitu baitu gazte asanbladaren bidea. Gesalagak Irati Martinez kidearekin batera kontatu ditu finalaren eta egitasmoaren inguruko zertzeladak.

Azkoitiko Gaztetxeak hartuko du aurten Euskal Herriko Gaztetxeak Bertsotan egitasmoaren finala, eta dena prest dute hitzordurako. Bihar, hilak 16, izango da, baina finalaz aparte, egun osorako egitaraua antolatu dute egitasmoaren antolatzaileek eta Azkoitiko Gazte Asanbladak elkarlanean. Guztira, Euskal Herriko hainbat txokotako 24 bertsolarik parte hartu dute aurtengo edizioan, bikoteka, eta hiru bikote soilik ariko dira Azkoitiko saioan. Finalera sailkatu den bertsolarietako bat da Suhar Gesalaga (Azpeitia, 2007), eta Eli Zalduarekin batera ariko da oholtzan. Bertsotan ez ezik, antolaketa lanetan ere aritzen da azpeitiarra, eta taldeko kidea du Irati Martinez (Gasteiz, 2006). Harekin batera aletu ditu egitasmoaren inguruko xehetasunak eta finalaren atarian dituen sentipenak. Bi gazteek nabarmendu dute "bertsoa gaztetxeak indartzeko tresna" izan daitekeela. Hain zuzen, asmo horrekin jarri zuten martxan sariketa 2025ean, bertsoen bitartez gazteei interesatzen zaizkien gaiak eta auziak oholtzara eramateko eta gaztetxeei zein gazte asanbladei ekarpena egiteko. 

Gaztetxeak Bertsotan egitasmoaren bigarren edizioaren azken txanpan sartu zarete. Zer moduzkoa joan da aurtengoa?  

Irati Martinez: Orain arte, oso ondo joan da. Iaz, berrikuntza izan zenez, zeresan pixka bat sortu zuen proiektuak, eta jende mordoxka bildu zen saioetan. Aurten, berrikuntzarena pasatu den arren, jendeak ekimena gogoz hartu duela ikusi dugu. Saioak ikustera jende dezente gerturatu da, bertsolariak gustura aritu dira eta sariketak gaztetxeen auzia mahaigaineratzeko balio izan du. 

Suhar Gesalaga: Gustura gaude sariketak egin duen bidearekin. Berrizen, Beasainen, Donibane Garazin eta Txantrean egin genituen lehenengo kanporaketak. Finalaurrekoak, berriz, Gasteizen eta Bilbon, ostegunez. Publikoa denetarikoa izan da, baita ikusleek euskararekiko edo bertsoarekiko izandako lotura ere, baina leku guztietan oso ondo funtzionatu dute saioek. Gaztetxeek bertsotarako giro egokia sortzea erraztu dute.

Joan zen urtean Gernikako Gaztetxean jokatu zen sariketako finala; aurten, Azkoitiko Gaztetxean. Biak ala biak espazio berriak. Ez da kasualitatea ezta?  

I.M.: Ez. Aurten ere ireki berria den gaztetxe batean jokatuko dugu finala, eta erabaki bat da. Gaztetxeen aldeko mugimendua suspertzen ari den une berean, mugimendu hori oso gogor kolpatzen ari dira. Eskubide politikoak gutxitu bezala, gaztetxeetan jarduteko eta horiek irekitzeko zailtasunak handitu egin dira. Horren erakusle da, adibidez, joan zen hilean zabaldu berritako bi gaztetxe itxi zituztela indarrez, bata Galdakaon eta bestea Errotxapean. Proiektu berriak egonkortzea ez da erraza. Beraz, Gaztetxeak Bertsotanen finalarekin ekarpena egin nahi izaten dugu arrisku egoeran dauden gaztetxeen alde. 

"Gaztetxeak Bertsotanen finalarekin ekarpena egin nahi diegu arrisku egoeran dauden gaztetxeei" 

Nahiko goizo da oraindik, baina bete al dira zuen helburuak? 

S.G: Helburuak betetzen bagabiltza, bai. Tira, gaztetxeak aisialdirako eta politizaziorako beharrezko esparruak direla iruditzen zaigu. Batetik, horien jardunak gazte askori eragiten digulako eta, bestetik, espazio moduan hainbat proiektu kulturalen zein politikoren aterpe direlako. Guk horiek bizirik eta indartsu ikustea nahi dugu, eta uneotan Euskal Herri osoan zehar gaztetxeak indartzen ari dira, gazte belaunaldi berriak gerturatzen ari gara horietara, eta hainbat proiektu jarri ditugu martxan, baita zaharrak berritu ere, esaterako, hil bukaeran egingo diren gaztetxe topaketak. Uste dugu bertsoa izan daitekeela gaztetxeak eta horien bueltako proiektuak hauspotzeko tresna. Hori sinetsita gabiltza lanean.  

Erronkez aparte, zerk bereizten du Gaztetxeak Bertsotan gainerako txapelketetatik? 

I.M.: Saioak bertsozaleentzat zein bertsozale ez direnentzat erakargarriak izan daitezen ahalegintzen gara. Hasteko, bertsolariek bikoteka jarduten dute, banaka aritzea baino babestuago jarduteko modua dela iruditzen baitzaigu. Bestetik, ariketetan hitzez haragoko elementuak txertatzen saiatzen gara, objektuak edo eszenifikazioak, esaterako. Era berean, umoreak tarte gehiago izaten du txapelketetan baino. Gainera, saioetako sailkapenak ohiko epaileen bitartez erabaki beharrean, publikoaren bitartez erabakitzen ditugu. Modu horretan, lehiakortasunaren pisua arindu egiten dela iruditzen zaigu, baita hain teknikoak ez diren beste alor batzuk nabarmendu ere.  

Umorerako eta aldarrirako tartea izaten da, beraz. Beharrezkoa al da bietatik egotea saio batean?  

S.G.: Umoreak berak ere asko izan dezake aldarritik. Testuinguruak aldarria eskatzen du, baita gauzak aldatzeko jendea mugiarazteko ahalegina ere. Horretarako bertsoa tresna ona izan daiteke, eta eskaintzen dituen aukera guztiak erabili behar ditugula uste dugu. 

"Belaunaldiez haragoko proiektua da gaztetxeena, eta hori islatu nahi dugu finalaren egunean"

Antolakuntza aldetik, nola antolatzen zarete? Nork parte hartzen du, nor aritzen da atzeko lanetan, nola aukeratzen dituzue plazak... 

I.M.: Plazei eta bertsolariei dagokienez, Euskal Herriko ahalik eta txoko gehien barnebiltzen saiatzen gara. Gazte Asanbladekin hitz egiten dugu txapelketa hasterako, saioak izango diren herrietan eragin eta erantzun positiboa edukitzea nahi baitugu; horretarako, egitarau erakargarriak osatzen saiatzen gara asanbladekin elkarlanean, inguruko jendea gaztetxera hurbil dadin. Bertsolariei dagokienez, aurtengo edizioan 25 urtez azpiko bertsolariok parte hartu dugu, bikoteka. Bertso txapelketa ohikoenetan espaziorik ez dutenei ere toki bat eskaintzen ahalegintzen gara. 

Suhar, iaz Gukak egindako elkarrizketa batean aipatu zenuen ikasturtean zehar gehien gozatutako saioa Gaztetxeak Bertsotanen barruan egindako bat izan zela. Aurten finalean abestuko duzu. Zer eman dizu sariketak?  

S.G.: Niretzako bertsoarekin gozatzeko aukera izan da Gaztetxeak Bertsotan; benetan eroso sentitzen naizen plaza bat da, modu jostarian gazteon interesekoak diren gaien inguruan kantatzeko parada eskaintzen duena. Harreman sare zabala eraiki dugu sariketaren bueltan, eta hori oso aberasgarria da partaideontzat. Gaztetxeak Bertsotani esker bertsoaren inguruan mugitzen den askotariko jendea zein gaztetxeen bueltan mugitzen dena ezagutu dugu, bertsolaritzaz haragoko harreman estua egiteraino, eta hori ederra bezain aberasgarria da.  

Bertsolari gazteak Gasteizko kanporaketa amaitu berritan. Gesalaga, behean, ezkerrean. (Gaztetxeak Bertsotan)

Gasteizko kanporaketan Azkoitiko Gaztetxeari eskaini zenion agurra. Orain han abestuko duzu, finalean. Zer sentipen dituzu hitzorduaren atarian?

S.G.: Azpeitiarra izanik, Azkoitiko Gazte Asanbladaren bilakaera gertutik jarraitu dut, eta gaztetxea lortzea, duela lau urte pentsaezina zirudiena, egi bihurtu dute. Argi dago Gaztetxea ez dela zerutik erori, asanbladako kideen urteetako lan eta buru-hauste handiei esker izan dela. Horretaz jakitun, zirrara berezia sorrarazten dit Azkoitiko Gaztetxe berrian kantatzeak. Urduritasunak urduritasun, ziur nago egun polita izango dela guztiontzat. 

Eli Zaldua izan duzu bertsokide oholtzan. Zein dira zuen ezaugarriak edo bereizgarriak? 

S.G.: Bertsotarako bikote ederra osatu dugula esango nuke. Hasieratik elkar ulertu gara, eta denbora guztian elkar laguntzeko borondatea izan dugu. Agurrak sortzerako garaian, adibidez, ikusi dugu musika zaletasun oso desberdinak ditugula, baina adostasunera iristea lortu dugu beti, bion nahiak eta gustuak tartekatuta. Eroso sentitu naiz Elirekin kantatzen, eta horrek txapelketaren ibilbideaz gehiago gozatzeko aukera eman dit.

Larunbaterako egun osoko egitaraua antolatu duzue, askotariko osagaiekin eta belaunaldi desberdinetako bertsolariekin. Hautu bat izan al da belaunaldi berriak eta zaharrak elkartzea? Zergatik? 

I.M.: Beste hainbat borrokatan bezala, gaztetxeetan ere belaunaldi desberdinetako kideak aritu ziren lanean gure aurretik. Haien esperientziatik ikastea beharrezkoa da etorkizun hobe bat eraiki nahi badugu.

S.G.: Aurreko bertsolari belaunaldiek ere parte hartu zuten gaztetxeetan era batera edo bestera, eta haiei toki bat eskaini nahi izan diegu finalaren egunean. Belaunaldiez haragoko proiektua da gaztetxeena, eta hori islatu nahi izan dugu larunbateko finaleko egitarauan. Horregatik ariko gara, besteak beste, bertso poteoan Jexux Mari Irazurekin, Unai Iturriagarekin eta Maddi Sarasuarekin. 

"Niretzako bertsoarekin gozatzeko aukera izan da Gaztetxeak Bertsotan; benetan eroso sentitzen naizen plaza bat"

Nolako finala espero duzue? 

I.M.: Orain arteko hitzorduak nola joan diren ikusita, saio ederra espero dugu finalean, jai girokoa. Jolaserako eta umorera bideratuta egongo da, baina bertsolariei aldarrirako eta hitz egiteko tartea utzita. Publikoaren rola ere garrantzitsua izango da, zenbait ariketetan parte hartze aktiboa izango baitu. Probatu gabeko ariketekin gatoz finalera. Gainera, aipatu dugun bezala, publikoak erabakiko du zein bikote den txapelduna. 

S.G.: Bikoteka abesten dugu lehia samurtzeko asmoz, eta lehia arintze aldera ere, guztiok eramango dugu sariren bat etxera. Irabazleek txapel bat bitan banatuta; bigarren bikote batek gazte asanbladaren saria eramango du eta hirugarrenak, antolakuntzak erabakitakoak, otordu bat Euskal Herriko gaztetxeren batean. Beraz, nagusiki, bertsotan eginez ondo pasatzera goaz. 

Dena den, bazkaritik hasita egitarau oparoa antolatu dugu: belaunaldi arteko poteoa, Berun musika taldearen emanaldia, kontzertuak, eta, noski, finaleko saioa. Euskal Herriko hainbat txokotatik jendea etorriko da Azkoitira. Bertsozaleak izan ez arren, egun eta saio ederraz gozatzeko aukera izango dela espero dugu, eta, beraz, dei egiten diegu gazte eta ez hain gazteei larunbatean Azkoitira bertaratzeko, sariketa merezi bezala borobiltzeko. 

GAZTETXEAK BERTSOTAN - FINALEKO EGITARAUA

  • 14:00. Parte hartzaileen brindisa. 
  • 14:30. Bazkaria. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkaritarako izen-ematea ehenbailehen egin behar dela.
  • 16:30. Berun musika taldearen kontzertua, Goiko Losan.
  • 18:00. Bertso poteoa tabernaz taberna, Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga, June Aiestaran eta Maddi Sarasua eta Gorka Pagonabarra eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin. 
  • 20:30. Finala, Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua, Iradi Barrenetxea eta Aitor Tatiegi eta Haira Aizpurua eta Ander Sarriugarte bertsolariekin. 
  • Ondoren. Ameba eta Sekule taldeen kontzertuak, Zurt tabernan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide