Lagun Onak mendi bazkunak irteera "klasikoetako bat" antolatu du maiatzaren 24rako, igandea. Hain zuzen ere, Txalintxoko Eguna ospatuko dute data horretan, eta aurreratu dute ume, gaztetxo zein helduentzat "plan ederra" izango dela.
Aurten, gainera, Ikasberri ikastolarekin batu dituzte indarrak, eta 50 jai, 50 tontor egitasmoaren parte izango da mendi irteera. Egitasmo horren helburua da Gipuzkoako ikastola guztien artean egun berean 50 tontor egitea, ikastola bakoitzak inguruan duen tontor edo gune berezi batera hurbilduz.
09:00etan abiatuko dira denak batera Azpeitiko plazatik, eta goiz buelta egingo dute Txalintxo tontorraren inguruetan barrena. Lagun Onak mendi bazkunak herritarrak animatu ditu irteeran parte hartzera.