Azpeitia abantailarekin itzuli da Amezketatik

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 16a

Gipuzkoako Herriartekorako Ilunperen ordezkaritza. (Ilunpe)

Gipuzkoako Herriartekoaren final zortzirenetako joanekoa jokatu zuten atzo Ilunpekoek. Kadeteek eta jubenilek irabazita, eta seniorrek tanto bakarraren aldearekin galduta, 1-2 nagusitu zen Azpeitia Larrunarri pilotalekuan.

Atzo sartu zen lehian Azpeitia eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan. Final zortzirenetan eta etxetik kanpo, 1-2 irabazi zuten Ilunpeko pilotariek Amezketan. Horrenbestez, datorren asteburuan Izarraitzen jokatuko duten itzulerakoa abantailarekin hasiko dute.

Kadete eta senior mailetan markagailu estua izan zen atzo Larrunarri pilotalekuan, eta jubeniletan, aldiz, alde nabarmenarekin irabazi zuten Ioritz Arsuagak eta Jokin Artetxek (5-22). Jubenilena izan zen arratseko bigarren garaipena Azpeitiarentzat, aurretik Iker Ansola eta Unai Beristain kadeteek ere irabazia baitzuten beren partida, alde estuagoarekin izan arren (19-22). Markagailu estuena, ordea, seniorren lehian gertatu zen. Azpeitiak ordurako joanekoan garaipena ziurtatuta zuela, galdu egin zuten Urtzi eta Iker Egigurenek, baina tanto bakarragatik, 21-22.

Horrenbestez, garaipen bateko abantailarekin eta hemeretzi tantoren aldearekin ekingo die Azpeitiak itzulerako neurketei.

Erremintakoen itzulerakoa, bihar

Eskuzkoek aurtengo lehen kanpoaraketaren joanekoa jokatu badute, Azpeitiko palistek erreminta txapelketaren lehen kanporaketaren itzulerako partida izango dute bihar, 17:00etan hasita, Betharrameko pilotalekuan.

Erronka zaila dute Ilunperen erreminta saileko pilotariek, Olaberrian 2-0 galdu baitzuten joanekoan, larruzko paletan 35-32 eta pala motzean 40-29.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide