Iagomagorekin eta ume jolasekin bukatu dituzte sanisidroak Aratzerrekan

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 17a

Aurten ezin izan dira soroan aitzurrekin altxorraren bila ibili, baina magia ikuskizunarekin, jolasekin eta meriendarekin gozatu dute haurrek zein helduek.

Magiarekin, ume jolasekin era meriendarekin ospatu dute Aratzerrekan aurtengo San Isidro festen bigarren eta azken jardunaldia.

Iagomagoren emanaldia izan dute arratsaldeko lehen hitzordua. Elizan eskaini du bere ikuskizuna mago azpeitiarrak, eta ikusle mordoska elkartu da hura ikusteko. Magia emanaldia bukatu orduko, Alkartasuna frontoian batu dira festara joandakoak, han baitzituzten prestatuta ume jolasak. Lokotx biltzen, zaku lasterketan, pilota goilarearekin eramanez edota txinga eroaten aritu dira umeak lauko taldeetan, eta puxika lehertzen ere bai ondoren, meriendari gogoz ekin aurretik. Aitzurrarekin altxorraren bila ezin izan dira ibili aurten, azken egunetako euriaren ondorioz lokatza gehiegi baitzegoen soroan.

Aitzurra 20:00etan jaitsita esango diete aratzerrekatarrek agur sanisidroie, datorren urtera arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide