Aniztasun Festa egingo dute maiatzaren 22an "herritarren arteko elkar ezagutza eta kulturarteko harremanak sustatzeko"

Maialen Etxaniz 2026ko maiatzaren 18a

Azpeitiko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko eta gobernuz kanpoko erakundeetako kideak. (Azpeitiko Udala)

Hainbat jatorritako eta kulturatako herritarrek haien herrialdeetako produktuak, janariak, ohiturak eta kultur adierazpenak partekatuko dituzte ostiralean Azpeitiko plazan, 17:30etik 20:00etara. Gainera, haurrek munduko hainbat lekutako jolasak ezagutzeko aukera izango dute. Ongi etorri saioa ere egingo du udalak hilaren 27an. Hezkuntzako harrera gida berria sortu dute familientzat. 

Azpeitiko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatuta, Aniztasun Festa egingo dute hilaren 22an, ostiralez, Azpeitiko plazan. Izan ere, maiatzaren 21a  
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da, eta data horren bueltan prestatu dute hitzordua, "herritarren arteko elkar ezagutza sustatzeko, kulturarteko harremanak indartzeko eta aniztasunari balioa emateko". Ostiralean, 17:30etik 20:00etara egingo dute festa plazan eta Venezuela, Sahara, Senegal, Mali, Nigeria eta Hondurasko ordezkariek parte hartuko dute egitasmoan, baita zenbait gobernuz kanpoko erakundek eta herriko elkartek ere.
 

Udalak aurreratu duenez, jatorri eta kultura ezberdinetako herritarrek haien herrialdeetako produktuak, janariak, ohiturak eta kultur adierazpenak partekatuko dituzte Aniztasun Festan. Horrez gain, haurrentzako txoko bat egokituko dute, umeen munduko askotariko jolasak ezagutzeko aukera izan dezaten. Margotzeko eta "bestelako jarduera batzuk" egiteko aukera ere egongo da ostiralean.

Erakundearen arabera, "ekimen mota hauek baliagarriak dira bizikidetza sendotzeko eta herri kohesionatuago bat eraikitzeko", eta, horregatik, azpeitiar guztiak animatu nahi dituzte festan parte hartzera.

Ongi etorri saioa eta hezkuntzako harrera gida

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ongi etorri saioa ere egingo du udalak maiatzaren 27an. 2025eko azarotik aurrera Azpeitira etorri diren herritarrak gonbidatuko ditu udalak hilaren 27ko ongi etorri saiora, eta udaletxeko bosgarren solairuko aretoan izango da, 15:15ean hasita. Azpeitiko Udalak harrera protokoloa osatu zuen 2024an, "herrira iritsi berriei orientazioa eta gertuko laguntza eskaintzeko", eta protokoloaren barruan, herriko baliabideen gida osatu eta ongi etorri saioak antolatzen hasi zen. 

Halaber, aurten hezkuntzako harrera gida berria sortu dute familientzat. Udalak azaldu duenez, "gidaren helburua da ikasle iritsi berrien familiei euskal hezkuntza sistemaren inguruko orientazioa eskaintzea eta integrazio prozesua erraztea". Dokumentuan biltzen dira, esaterako, hezkuntza etapei, hizkuntzei, ikastetxeen funtzionamenduari eta matrikulazioari buruzko informazioa. Horrez gain, herriko kultura, aisialdi eta bestelako baliabideen inguruko informazioa ere eskaintzen duela adierazi du udalak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide